Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Ekaitz Agirregoitia: "Karreraren norabidea eta helburuaz hitz egiteko marko bat existitu beharko litzateke"

Dokumentuaren akzioak

Ekaitz Agirregoitia: "Karreraren norabidea eta helburuaz hitz egiteko marko bat existitu beharko litzateke"

2012/05/09 - unibertsitatea.net
Ekaitz Agirregoitia Marcos-ek 32 urte ditu eta Biologian lizentziatua da. 1997an hasi zituen bere ikasketak EHUn eta 2003ko otsailean bukatu zituen Madrileko UCMn. Gaur egun, Fisiologia eta Giza Fisiologia irakasten du Medikuntzako graduan eta Biokimikako graduan eta UEUko Osasun Saileko kidea da. Berarekin hitz egiteko aukera izan dugu eta bere esperientzia pertsonala plazaratu digu.

Ekaitz Agirregoitia Marcos-ek 32 urte ditu eta Biologian lizentziatua da. 1997an hasi zituen bere ikasketak EHUn eta 2003ko otsailean bukatu zituen Madrileko UCMn (Universidad Complutense de Madrid), Agirregoitiak osasun-biologia espezialitatea egitera joan baitzen bertara. Madrilen bertan praktika batzuk egin zituen Eduardo Rial Dr.-aren laborategian eta, tesia egiteko, 2003an sartu zen EHUko Medikuntza Fakultateko Jon Irazusta Dr.-aren laborategian. Urte hauetan guztietan, ikerkuntzan murgilduta eta, era berean, klaseak ematen ibili da. Gaur egun, Fisiologia eta Giza Fisiologia irakasten du Medikuntzako graduan eta Biokimikako graduan eta UEUko Osasun Saileko kidea da.

 

 

Zergatik aukeratu zenuen egindako karrera? Noiz piztu zitzaizun zientzietarako zirrara? Eta zergatik zientziak eta ez letrak? Oroitzen zara zure aukeraren arrazoiaz?

    Erakargarriagoak egiten zitzaizkidan zientziak letrak baino, ziur asko, nire arrebak Biologiako karrera ikasten hasi zelako. Karrera hautatu behar izan nuenean, Biologia eta Medikuntza artean nuen buruhaustea, ziur asko, jendarteak bultzatua, zeren eta, denok geunden zalantza berdinarekin. Baina, azkenik, Biologia hautatu nuen, eta ez naiz damutzen, izan ere, gaur egun bizitza ulertzeko daukadan jarreran, eragin handia eduki du Biologiak (zientzia bezala, ez karrera bezala).

     

     

    Ikasketak asterakoan espero zenuena topatu zenuen?

      Ez, noski! Inork ezin zuen imajinatu klase batean 130 pertsona batera egongo ginenik, ezta praktika guztiak emango ez genituzkeenik, ezta hainbat irakasgaik luzera begira eduki lezaketen garrantzia azaldu gabe, temarioa bukatzeko helburua baino ez zuten irakasleak topatuko genituzkeenik. Oro har, atsekabea nagusitzen zen lehenengo kurtso horretan, izan ere, bigarren urtean %38ak karrera utzi zuen edo errepikatu zuen. Hala ere, ezin dut ukatu egin nituen lagunak eta bizi izan nituen esperientziak oso aberasgarriak izan zirela.

       

      Zer bota zenuen faltan?

        Batez ere, tutoretza eta gertutasuna. Nire ustez, karrera guztietan, karreraren norabidea eta helburuaz hitz egiteko marko bat existitu beharko litzateke. Ikasleen erreferentea izango den tutore baten irudia interesgarria izango litzateke. Ez dakit, pentsatu beharko litzateke ze formatua erabili ikasleei karrera bere osotasunean ulergarria egiteko. Zeren eta, gure garaian bezala, gaur egun ere, ikasleek karrera bukatzean esaten dute: bukatu dut karrera baina ez dakit zertarako balio zaidan. Baieztapen horrek zer edo zer txarto egiten ari garela erakusten du, eta iritzi horri buelta ematen saiatu beharko ginateke. Hala ere, ez da erraza.

         

         

        Gaur egun, gero eta karrera gehiago euskaraz egiteko aukera dago. Hala ere, zenbait ikasgai eta material euskaratu gabe daude. Zure kasuan halakorik gertatu zen?

          Bai. Gure garaian, Biologiako karrera osoa ez zegoen euskaraz egiterik. Gainera, azkeneko 2 urteetan, Biokimika egin nahi genuenok bagenekien euskarazko eskaintza oso txikia zela. Hori zela eta, besteak beste, Madrilera ikastera joan nintzen. Azken finean, niretzat, euskaraz ikasi ahal izatea plus bat zen hemen ikasten jarraitzeko. Hala ere, Madriletik bueltatu nintzenean, argi nuen osasun eta zientzia arloan euskarak eduki zezakeen egoera iraultzeko lan egingo nuela. Eta horretan gabiltza asko.

           

           

          Hizkuntza, zerbait ikasterako orduan, oztopoa izan daitekeela uste duzu? Etorkizunean egoera hobetuko dela uste duzu?

            Hizkuntza soilik bihurtzen da ikasteko oztopo haren funtzioa betetzen ez duenean, komunikatzeko balio ez duenean, alegia. Hau da, hizkuntza bat ez baduzu menperatzen, nekez ikasi edo irakatsiko duzu hizkuntz horretan. Niretzat, adibidez, grekoz ikastea edo irakastea oztopo bat da, ez dudalako menperatzen, eta beraz, grekoz irakatsi nahiko banu, nire eguneko bizitzan grekoz ondo komunikatzeko gai izan beharko nuke. Baina, grekoa menperatzeko, Greziara joan beharko nuke eta grekoz bizi. Euskararen arazo bat da ez dagoela munduan leku bat bera ere zure bizitzaren %100ean euskaraz jarduteko aukera izango duzunik. Hori dela eta, normaltasunez erabili ezin daitekeen hizkuntz batean ikastea edo irakastea aparteko ahalegina eskatzen digu. Beraz, euskaraz ikastea edo irakastea ez da oztopoa, oztopoa da euskara normalizaziora eramateko ahalegin sozial, ekonomiko eta politikoa egin beharrean, trabak jartzeko ahalegin konstanteak dihardutenak. Inork imagina lezake Greziako Estatua grekoa gutxiesten? Ba hor dago koska. Hala ere, gauza asko aldatu behar diren arren, euskararen egoera hobetzeko, euskaraz bizitzen hastea da gakoa.

             

             

            2009an I. Koldo Mitxelena Saria irabazi zenuen “Opioide-hartzaileak (delta, kappa, mu) eta kannabinoide-hartzaileak (CB1, CB2) giza espermatozoideetan espresatzen dira eta haien mugikortasunean eragiten dute" lanarekin. Gaur egun zertan zabiltza?

              Sari hura tesian egindako lanagatik eman ziguten. Baina, niretzat, oso berezia izan zen, izan ere, nik bezala beste askok euskaraz jarduteko egin dugun apustuagatik emandako saritzat hartu nuelako. Zientziari dagokionez, ugalkortasunean opioideek eta kannabinoideek duten eragina aztertzen jarraitu arren, ikerkuntza lerro berria jarri dugu martxan eta, orain, gure itu-zelulak obuluak eta enbrioiak dira. Momentuz, oso bide interesgarria izaten ari da, ea jarraipena emateko gai garen.

               

              Etorkizunean zer egitea gustatuko litzaizuke? Ideiaren bat duzu?Alde batetik, buruan ditudan ikerkuntza lerroak ikasle-belaunaldi berriekin aurrera eraman ahal izatea, bestaldetik, gaur egungo hezkuntza-ereduan berritasunak sortu eta ezartzeko, hezitzaileen arteko eztabaidetan parte hartzea eta, azkenik, hori guztia euskaraz ere aurrera eramateko bitartekoak sortzea eta exijitzea dira nire helburu nagusiak.