Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian EHUspace, izpi kosmikoen detektagailua martxan

Dokumentuaren akzioak

EHUspace, izpi kosmikoen detektagailua martxan

2016/03/01 - Unibertsitatea.net
UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Espaziala Masterreko ikasle talde batek diseinatutako izpi kosmikoen detektagailuak beste proba bat gainditu du eta, horrenbestez, urratsez urrats doa aurrera.
EHUspace, izpi kosmikoen detektagailua martxan

Erlantz Otaola, Alejandro Otero, Antonio Vera eta Daniel Collado. ARGAZKIA: UPV/EHU

EXUS/BEXUS programa espazialean parte hartzeko aukeratua izan zen EHUspace proiektua, eta, oraingoz, bideko proba guztiak gaindituta, 2016ko urrian Bexus globo estratosferikoan 30 kilometroko garaiera igotzeko lasterketan jarraitzen du.

Hamabi ikasle ari dira buru-belarri EHUspace proiektuan. Horien talde ordezkaria Suediako Esrange jaurtiketa basean antolatutako topaketara joan zen duela gutxi eta, bertatik, eurek aurkeztutako ACORDE (Altitude COsmic Ray DEtector) detektagailuaren aurre-diseinua onartuta itzul dira. Ordezkarien artean izan zen Alejandro Oteroren hitzetan, "Orain, esperimentuaren diseinua osatu behar dugu, adituen iruzkin eta iradokizunei jarraiki, baita gure iritziari ere. Horrez gain, osagairik inportanteena fabrikatu, prestatu eta entseatu behar dugu: lainozko kamera. Horretarako, instalazioak aurkitu behar ditugu entsegu termikoa eta hutsekoa egiteko, eta baita finantzazioa ere".

Alemaniako eta Suediako agentziek sustaturiko programari esker, Europako unibertsitate ikasleek zientzia eta teknologia esperimentuetan parte hartzeko aukera dute suziri zein globoen bidez. UPV/EHUko ikasleen proiektuaren xedea izpi kosmikoen detektagailu bat diseinatu eta eraikitzea da; detektagailuak, globo estratosferikoan gora doan heinean eta muturreko tenperaturetan, gai izan behar du berau zeharkatzen duten izpi kosmikoen kopurua eta mota zehazteko. Hortaz, orain arte bezala, probak gainditzen jarraitzen badute, Bexus globo estratosferikoan jaurtiko dute, gehienez 30 kilometroko garaierara arte, ziur asko urrian.

Hurrengo azterketa, diseinu kritikoarena, maiatzean izango da, ESTECen (European Space Research & Technology Center), Noordwick-en (Holanda).