Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian EHU/UPVko Zientzia eta Teknologia Fakultateak ikerketa proiektua gauzatuko du Eusko Legebiltzarrarentzat
Erabiltzailearen akzioak

EHU/UPVko Zientzia eta Teknologia Fakultateak ikerketa proiektua gauzatuko du Eusko Legebiltzarrarentzat

2010/09/16 - Unibertsitatea.net
UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak hitzarmena egin du Eusko Legebiltzarrarekin ikerketa aplikatua finantzatzeko.
Horri esker, egun Ganberako web orriaren bidez eskaintzen diren bideoei azpitituluak jarri ahal izango zaizkie eta edukian bilaketak egin ahal izango dira. Proiektu aitzindaria da, hizketa automatikoki antzemateko teknologiak aplikatuko baititu hizlarien parte-hartzeak transkribatzeko.

Ikerketa eta garapen lanak datozen egunetan hasiko dira eta bi urtez luzatuko dira. Hasiera batean, lehenengo fasean, 2010eko irailetik abendura, Software Teknologietako Lantaldea, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Elektrizitatea eta Elektronika Sailean integratutakoa, probaldian hasiko da zerbitzua ematen.

Hasierako aplikazioa osoko bilkuretako bideoei azpitituluak jartzea izango da; horiek bilkuretako aktetako testuarekin automatikoki sinkronizatuko ditu. Lantaldeko zuzendari Germán Bordelek esandakoaren arabera, "proiektuaren helburua da, ondoren, ahotsetik testurako transkripzio automatikoa gero eta zehatzagoa izatea eta, horrela, bideoen puntu zehatzetan bilaketak egin eta kokatu ahal izatea. Transkribatutako aktak izateak sistemaren kalitatean gertatzen diren aurrerapenak baloratzen lagunduko du".

Lan hauek lehendik garatutako sistema bat aplikatzetik abiatzen dira; sistema horren alderdi berritzaileenetako bat da euskara eta gaztelania "ulertzen" dituela, ez antzemateko bi elementuren konposizio gisa, baizik eta bakar bat bezala. Teknikoki, ezberdintasun kualitatiboa da hurbilketa estandarrarekiko eta bi hizkuntzak edozein modutara nahasten dituzten elkarrizketak transkribatzeko aukera ematen du, hizkuntza bateko zatiak beste hizkuntzako esaldietan tartekatu arren.

Bideoei azpitituluak jartzeko aipatu lehenengo faseak ezgaitasunen bat duten pertsonentzako irisgarritasunean jarri du arreta eta, hori dela eta, Mahaiak publiko egitea pentsatu du, gaiarekiko duen erantzukizunaren adierazgarri gisa. Hala, pasa den uztailean, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Arantza Quirogak entzumen urrituei eztabaida politikoa jarraitzea ahalbidetzen dien ahotsa antzemateko sistema automatikoa aurkeztu zuen Europako Eskualdeetako Legebiltzarren Batzarreko Batzorde Iraunkorraren barruko E-Demokrazia Lantaldeak (CALRE) egindako bileran.

E-Demokrazia taldeko kide diren Europako Eskualdeetako Legebiltzarretako lehendakariek ezgaitasunen bat duten biztanleen integrazioa eta partaidetza politikoa faboratzea dute bere erronken artean. Eusko Legebiltzarrak alderdi honetan lidergoa duela erakutsi du eta, era berean, UPV/EHU arloan garatzen ari den teknologiak aurkeztu ditu.

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari