Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Donostiako hegazti habiagileen atlasa osatuko dute

Dokumentuaren akzioak

Donostiako hegazti habiagileen atlasa osatuko dute

2017/02/13 - unibertsitatea.net
AtlaSS proiektuaren helburua udalerriko espezie kopurua zein den eta nola banatuta dauden ezagutzea da, baina baita herritarren artean hegaztiekiko ezagutza eta zaletasuna piztea ere
Donostiako hegazti habiagileen atlasa osatuko dute

Aurkezpeneko irudia. Aranzadi Zientzia Elkartea

AtlaSS izeneko proiektua jarri dute martxan Donostiako Udaleko Ingurumen Sailak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak. 2019rako Donostiako hegazti habiagileen atlasa osatzea da helburua. Lan horretarako ornitologiaren, ingurumenaren eta naturaren zabalkundean erreferente diren beste hainbat elkarte eta erakunderen laguntza izango dute. Hala nola, Cristina Enea Fundazioa, Itsas Enara Ornitologia Elkartea, Ugatza, SEO/Birdlife eta Vasco de Camping Elkartea.

Aipatu atlasaren helburua udalerrian hazten diren espezieen kopurua eta nola banatuta dauden ezagutzea da. Horretarako Udalerri guztia, Artikutza barne, 500×500 metroko laukietan banatuko da eta zehaztasun handiz egingo da errolda. Ez hori bakarrik, era berean, herritarren artean hegaztien gaineko ezagutza eta zaletasuna piztea ere bada beste helburuetako bat.

Proiektuak 3 urteko iraupena izango du eta hiru fase aurreikusten dituzte. Lehenengo fasean herritarren formakuntza landuko da eta horretarako ornitologia eta hegaztien identifikazioaren gaineko doako ikastaroak antolatu dituzte hiriko hainbat kulturgunetan. Bigarren fasean errolda osatuko dute eta ikertzaileekin batera, formakuntza jaso duten herritarrek parte hartuko dute. Hiria banatzeko egindako laukietara egingo dituzte irteerak. Azken fasean datuak jaso eta aztertuko dituzte.

Lehenengo bi faseak 2017an bakarrik ez, 2018an ere egingo dira, eta atlasa 2019an landu eta argitaratuko da.