Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Doktorego jardunaldiak antolatu ditu UPV/EHUk

Dokumentuaren akzioak

Doktorego jardunaldiak antolatu ditu UPV/EHUk

2016/03/21 - Unibertsitatea.net
Estreinakoz eskainiko ditu UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolak I. Doktorego Jardunaldiak; izen-ematea abian da.

UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolak antolatu ditu datorren uztailaren 11n eta 12an egingo diren I. Doktorego Jardunaldiak.

Bizkaia Aretoan bilduko diren doktoregaiek izena eman behar dute aurretik, baita komunikazioa bidali ere; horretarako, datorren martxoaren 23ra arteko epea dago. Era berean, izen-emate ofizialerako helbide hau ahalbidetu dute.

Hainbat jakintza arlo bilduko ditu jardunaldiaren lehen edizio honek - zientzia esperimentalak, ingurumena, osasun zientziak, ingeniaritza, arkitektura, gizarte- politika- eta komunikazio-zientziak, zientzia juridikoak, ekonomia edota giza zientziak, besteak beste-.

Halaber, sariak ere banatuko dira, esaterako, saio paralelo bakoitzean aurkeztutako komunikaziorik onenari. Berau, kongresu batera joateko bidaia poltsa bat izango da (500 euro izen-ematea, ostatua eta garraioa ordaintzeko). Bestalde, poster onenek accesit bat eskuratuko dute.

2. mailako doktoregaiei eta 99/2011 EDren aurretiko errege dekretuek araututako programetako doktoregaiei zuzendutako jardunaldi hauen xedea, "UPV/EHUko doktoregaiak elkartzeko topagunea izatea da", antolatzaileen hitzetan. Bide horretan, honakoak lortu nahi dituzte: "Jakintza adar desberdinetako ikertzaileek elkarren arteko esperientziak eta iritziak truka ditzaten bultzatzea, ikertalde edo doktorego programa desberdinei lotutako doktoregaien arteko elkarlanak eta sinergiak garatzen sustatzea, UPV/EHUko doktorego programetan garatzen den ikerketa jarduera ezagutaraztea, zeharkako gaitasunak garatu daitezen ahalbidetzea".