Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian CAF-Elhuyar sarietara aurkezteko epea zabalik dago

Dokumentuaren akzioak

CAF-Elhuyar sarietara aurkezteko epea zabalik dago

2017/10/27 - unibertsitatea.net
"Egin jauzi eta sortu uhin hedakorrak!" lelopean, zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza, eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta aitortzea da helburua. 2018ko otsailaren 15era bitartean izango da lanak aurkezteko epea.

"Harri bat uretara botatzen denean bezala, ideia, froga edo teoria on batek eragin handia sortzen du inguruan. Ingurua bera, edo hura ulertzeko modua, aldatu egiten du, eta uhinen antzera hedatzen da.

Hala, aurten uretara jauzi egitera gonbidatu nahi zaituztegu. Bota zuen ideia, proiektua edo artikulua, urrutira iritsiko diren uhinak sortzeko, ingurua edo pentsamendua aldatuko duten uhin hedakorrik". Egin jauzi eta sortu uhin hedakorrak! lelopean martxan dira CAF-Elhuyar sariak.

Sarion helburua zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza, eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta aitortzea da.

Sariak hiru kategorietan banatuko dituzte:

  • Dibulgazio-artikulu originalak. Bi azpikategoriatan banatuta dago. batetik dibulgazio-artikulu orokorrak izango dira eta, bestetik, egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak. Azpikategoria bakoitzeko irabazleak 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegiren eskultura bat eskuratuko ditu.

  • Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak. 2.000 euro eta eskultura.

  • Zientzia Gizartean sorkuntza-beka. Zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuak. Aukeratutako proiektuaren egileak 5.000 euroko diru-laguntza jasoko du berau gauzatu ahal izateko; baita eskultura ere.

Horrez gain, NEIKER sari berezia ere izango da, 2.000 eurokoa. Lehen bi kategoriatako lanen artetik (dibulgazio artikuluak eta kazetaritzakoak) lehen sektorearekin lotura duen lan onenari emango zaio aipatu saria. Beste sariekin bateragarria izango da; eta, beraz, lehen sektoreko lan onenak beste kategoria bateko onena ere baden kasuan bi sariak jasoko ditu.

2018ko otsailaren 15era bitartean izango da lanak aurkezteko epea. Ikusi oinarriak

 

Etiketak: Elhuyar