Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Bizkaiko golkoko antxoa-biomasa kalkulatuko dute

Dokumentuaren akzioak

Bizkaiko golkoko antxoa-biomasa kalkulatuko dute

2016/05/09 - Unibertsitatea.net
Bioman udaberriko neurketa kanpainaren baitan, hamabost ikertzailek Bizkaiko golkoko antxoa-populazioa kalkulatuko dute.

AZTIk Bizkaiko golkoko antxoa-populazioa kalkulatzeko kanpaina abiatu du, eta, horretarako, eguneko arrautza-ekoizpenaren metodoa baliatuko dute. Datu-bilketa bi ontzi ozeanografikok egingo dute, hain zuzen, 15 ikertzalek osatutako talde batek.

Aipatutako bi ontziak pasadan astean abiatu ziren Pasaiako portutik. Lehengoan, Ramón Margalef ontzian, AZTIko 12 ikertzaile doaz eta euren ardura izango da plankton-laginak biltzea, bertan baitaude antxoek errundako arrautzak. Emma Bardan ontzian, aldiz, hiru adituk, antxoa helduak bilduko dituzte eta haien bataz besteko ugalkortasuna kalkulatuko dute. Hartara, "planktonean aurkitutako arrautza-kopuruaren eta emeen batez besteko ugalkortasunaren arteko erlazioaren bidez, antxoa-biomasa kalkulatu ahal izango dute AZTIko adituek", jakitera eman dutenez.

Itsas baliabide hori Euskadiko eta Kantauri itsasoaren kostalde osoko arrantza-sektorearen ekonomiaren oinarrietako bat den heinean, lortutako datuekin, antxoaren ustiapen-mailei buruzko txosten zientifikoak egingo dituzte -nazioarteko beste erakunde batzuen ekarpenekin batera-. Horrela, kudeaketa agintariek kudeaketa-neurri egokiak ezartzeko datuak eskainiko dituzte, arrantza-jardueraren jasangarritasuna bermatzeko xedearekin.

2016ko Bioman kanpaina maiatzaren 24tik 27ra bitartean amaituko da, eta ekainean jakinaraziko dituzte emaitzak. Aurtengo kanpainak berrikuntza bat duela ere adierazi dute: ikertzaileek, lehenengo aldiz, ikusten dituzten itsas hegazti, zetazeo eta ur gaineko zaborrei buruzko informazioa jasoko dute.