Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Berrikuntzaren Ekonomiaren eta Kudeaketaren Ikasgela berria estreinatu da gaur

Dokumentuaren akzioak

Berrikuntzaren Ekonomiaren eta Kudeaketaren Ikasgela berria estreinatu da gaur

2012/07/04 - unibertsitatea.net
Berrikuntzaren Ekonomiaren eta Kudeaketaren Ikasgela sortu dute TECNALIAK eta EHUk

EHUko errektore IƱaki Goirizelaiak eta TECNALIAko zuzendari nagusi Joseba Jauregizarrek, Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekano Arturo Rodriguez eta TECNALIAko beste zenbait arduradun Berrikuntzaren Ekonomiaren eta Kudeaketaren Ikasgelaren sorrera aurkeztu eta bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute.

2001ean abiarazi zituen TECNALIAk ikasgela hauek, funtsean unibertsitateko ikerkuntza-taldeekiko lankidetza sustatzeko tresna moduan. Hitzarmen honen bitartez hiru ikasgela ditu dagoeneko TECNALIAk: bat Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan, beste bat Deustuko Unibertsitatean eta hirugarren hau Sarrikoko Ekonomia Zientzien Fakultatean. Halaber, Ingeniari Eskolako GAMESA Ikasgelan ere hartzen du parte. Ikasgelen jardueran, oro har, 60 ikasle, 30 irakasle eta TECNALIAko 20 ikertzaile daude lanean, guztira 110 laguneko taldea osatzen dutela.

Euskal Herriko Unibertsitateak etengabe jarduten du irakaskuntzaren nahiz ikerkuntzaren alorretan bikaintasunaren bila, uneoro planteatzen ditu bere trebetasunak areagotzeko ekimen berriak, barnean zein kanpo-eragileekin batera. Testuinguru horretan, proiektuko eragileetako batekin -TECNALIArekin, hain zuzen- planteatu da ikasgela hau sortzea. Ekimen honi esker, alde batetik, gero eta lehia handiagoko merkatuak jotzen dituen erronkei aurre egiteko moduko tituludunak trebatuko dira eta, bestetik, egiten diren ikerketak gizarte-eragileen beharretatik gertuago egongo dira eta, hartara, gizartearentzat, oro har, onuragarriagoak izango dira.