Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Arrasateko San Joan elizan Erdi Aroko nekropolia topatu dute

Dokumentuaren akzioak

Arrasateko San Joan elizan Erdi Aroko nekropolia topatu dute

2017/10/05 - unibertsitatea.net
Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Arrasate Zientzia Elkarteak Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzarekin iraileko azken astean egindako lan arkeologikoen emaitza izan da.
Arrasateko San Joan elizan Erdi Aroko nekropolia topatu dute

Argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea

Iraileko azken astean Arrasateko Alde zaharrean, San Joan Bataiatzailearen parrokia-elizako kanpandorreko dorrean egindako lan arkeologikoei esker nekropolia topatu dute. Aipatu hobiratze-eremua XIII. eta XV. mende ingurukoa dela kalkulatu dute.

Aztarnategia espazio murriztuan egon arren (13 m2) "hiribilduaren iraganari buruzko emaitza oso interesgarriak lortu ahal izan dira" arduradunen esanetan. Burdinaren lanketarekin lotutako eraikin baten presentzia ere dokumentatu dute; egungo elizaren dorrea eraiki zutenean, XVI. mendean, eraitsi zutena. Hala ere, aurkikuntza garrantzitsuena nekropoliarena izan da.

Zuzenean lurreko buztin naturala zulatuta egindako forma obalatuko hobi multzo bat topatu dute, elkarren artean kale paraleloetan antolatuta. "Hobi bakoitzak hainbat norbanako biltzen ditu elkarren gainean (3 edo 4 artean); horiek guztiak ostilamendurik gabe, ekialde-mendebalde orientazioarekin lurperatuta. Hobiratze hori egungo eliza baino tenplu txikiago baten testuinguruan sortu zen", 1448ko sutean desagertu zena.

Orain giza hondakinen azterketa osteologikoa aurreikusi dute, haien dieta zehazteko eta DNAk lortzeko.

Aurretik ere inguru horretan zeramikak aurkitu zituzten. Brontze Aroko kokaleku batekin lotutakoak, duela 3.500 – 3.900 urte lehenagokoak izan daitezkeenak. "Horrek agerian uzten du 1260tik aurrera Arrasateko herria kokatuko den muinoaren okupazio goiztiarra, duela zenbait mila urte hasitako prozesuari jarraipena emanez. Hori ohiko fenomenoa da Erdi Aroko beste herri batzuetan (Zarautz, Tolosa, Irura eta abar), Erromatarren garaiko edo historiaurreko aztarnen gainean kokatzen baitira, Arrasate bezala".

Iturria: Aranzadi Zientzia Elkartea