Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Arnasguneen eta udalerri euskaldunen gaurko eta biharko erronkak aztergai

Dokumentuaren akzioak

Arnasguneen eta udalerri euskaldunen gaurko eta biharko erronkak aztergai

2017/09/29 - unibertsitatea.net
UEMA eta Soziolinguistika Klusterrak gai horren inguruan antolatu dute IX. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia. Azaroaren 22an izango da Donostiako Karlos Santamaria Zentroan.

"Arnasguneak eta udalerri euskaldunak: gaurko eta biharko erronkak" izenburupean Soziolinguistika klusterrak eta UEMAK IX. Euskal Soziolinguistika jardunaldia antolatu dute azaroaren 22rako.

Antolatzaileen esanetan, azken urteotan euskararen biziberritzean diharduten ikertzaileek, teknikariek eta ekintzaileek arreta berezia jarri dute arnasguneetan, alegia, euskararen ezagutza proportzio handiena duten udalerrietan. "Arnasguneek funtzio sozial ahalik eta gehienak euskaraz betetzeko aukerari eusten diote, eta ezinbestekoak dira hizkuntza-komunitatearen garapenerako. Hala berresten dute soziolinguistika arloko teoriek eta ikerketek".

Euskal Herrira begira jarrita, arnasgune bezala izendatutako herrietan, "badago herri multzo  bat gaur egun arnasgune izateko baldintzak bete arren benetako arnasgune izatetik urruntzen ari dena, batez ere euskararen erabilerari dagokionez". Herri horietako asko, gainera, eskualde-buruak dira eta "herri-tipologia horrek ere euskararen biziberritzean izan dezakeen papera aztertzea eta lantzea komenigarria da".

Soziolinguistikaren eremuan ugari izan dira aipatutako gaiei eskainitako lanak: jardunaldiak, ikerketak eta artikulu zientifikoen berri izan da, tokiko errealitate zehatzen ingurukoak edo horien arteko alderaketaz ikuspegi zabalagoa landu dutenak. Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketak emandako datuak ere ezagutu dira duela gutxi, "arnasguneen eta udalerri euskaldunen bilakaerari erne jarraitu eta esku hartzearen beharra azpimarratu dutenak".

Hau guztia kontuan izanik antolatu dute IX. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia gai horren inguruan. "Lan-ildo horretan argia jartzen lagun dezaketen azken ikerketak ezagutu, aurrera egiteko dauden baldintzak baloratu eta gaia lantzen dihardutenen artean ikuspuntuak partekatzeko gune izan nahi du hitzorduak". Horretarako, hitzaldi-aurkezpenak, mahai-inguruak eta parte hartzaile guztien arteko aurrez aurreko topaketarako espazioak izango dira.

Azaroaren 22an izango da Donostiako Karlos Santamaria zentroan eta, besteak beste, UEU ere laguntzaile da.

Iturria: UEMA