Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Arkaitz Carracedo: “Kontuz ibili behar dugu minbiziaren inguruan egiten dugun dibulgazio lanean”
Erabiltzailearen akzioak

Arkaitz Carracedo: “Kontuz ibili behar dugu minbiziaren inguruan egiten dugun dibulgazio lanean”

2017/05/11 - unibertsitatea.net
Arkaitz Carracedo (Barakaldo, 1979) CIC bioGUNEko ikerbasque ikertzailearen eta Onkologia Molekularra ikerketa taldeko buruaren esperientzia ezagutzeko aukera izan dute ikertzaileek. Ikerbasque ikertzailea izateaz gain, Minbiziaren CIBEReko kidea ere bada Carracedo eta baita EHUko Biokimika eta Biologia Molekularra saileko irakasle elkartua ere.

Zure esperientziaren berri eman duzu IkerGazten. Zu entzuten egon diren ikertzaileak zerekin gelditzea gustatuko litzaizuke?
Aurreikustea zer gertatuko den. Zer nolakoa den esperientzia pertsonala eta zer espero dezaketen ikerkuntza prozesuari dagokionez. Nire ustez daukagun arazo larri bat da pertsona batek tesia bukatu eta doktoratu ostekoa egiten duenean uste duela prozesua lineala izango dela. Produktibitatea, proiektu bat garatzeko ahalmena, lineala dela; baina hasten den prozesu berri bat da. Doktoratu ostekoa hasten dugunean edo laborategian hasten garenean ere lan berri bat da. Ikasketa prozesu bat dago hor ere. Kontuan hartu behar dugu denbora eman behar diogula geure buruari. Erremintak behar ditugula jendea kudeatzeko, proiektua kudeatzeko… Askoz konplexuagoa dela. Ez dela bakarrik esperimentuak egitea edo gure zientzia garatzea.

IkerGazte bezalako kongresu batek zure ustez zertan laguntzen du?
Funtsezkoa da. Gustatuko litzaidake nire doktoretza prozesuan horrelako zeozer entzutea. Esperientzia pertsonalak behar ditugulako. Gaur egun graduan, masterrean, ez daukagu informazio nahikorik gure lanari buruz. Zer nolako lana izango dugu? Zein da ikerkuntzan eguneroko lana? Zein da prozesua? Helburu bakarreko prozesua da? Laborategi bat izatea izan behar da gure helburua edo bestelako aukerak daude? Zer garatu behar dugu pertsonalki azkenengo puntu horretara sendo ailegatzeko. Hori guztia oso garrantzitsua da eta normalean ez da lantzen. Nire ustez oso garrantzitsua da haiek, ikertzaile gazte hauek, hasten ari direnek, ikustea zeintzuk diren aukerak, zeintzuk diren galderak; eta guk ere prozesu hori pasatu dugula eta antzekotasun asko daudela.

Alor ezberdinetako, diziplina ezberdinetako ikertzaileak biltzeak ere laguntzen du.
Bai. Ikerkuntzako galdera garrantzitsuei erantzun bat emateko alor desberdinetako begiradak batzea beharrezkoa da. Eta konparatzen badugu gaur egun zientzia eta gizarte alorrean, edo artean edo musikan egiten den garapen prozesua, ez dira horren desberdinak. Zer behar dugu? Behar dugu motibazioa, gure helburuak argi izatea, gure garapen prozesua ulertzea, eta alor ezberdinetatik zeozer ikasi dezakegu.

Minbiziaren ikerkuntzan jarduten duzu. Minbizia gaixotasun moduan hartzen bada ere, ez dela gaixotasun bakar bat.
Ez da gaixotasun bat. Minbizia naturaren parte bat da. Orain dela gutxi artikulu nahiko atera dira esanez kontuz ibili behar dugula minbiziaren inguruan egiten dugun dibulgazio lanean. Hitz egiten dugu gudu bati buruz, irabazleak eta galtzaileak daude gudu horretan, eta hori gaixo batentzako arazo larria da. Lehenengo eta behin, minbizia bizitzako prozesu bat da. Gero minbiziak beste gaixotasunekiko desberdintasun bat dauka, konplexua dela. Gaixo bakoitzak minbizi mota bat dauka jatorri desberdina daukana, eta orduan esaten da ehunka minbizi mota desberdin daudela. Eta hori errez ulertzen da ikusten badugu gure artean ere oso desberdinak garela; naturak, biodibertsitateak, bultzatu gaituela ezberdinak izatera. Minbiziaren kasuan ere, batak bestearekin ezberdintasunak dituzte, baina tratamendu komunak egon daitezke. Betiere taldekatuta. Ez dago minbiziaren aurkako tratamendu bakar bat, minbizi taldeentzako tratamendu espezifikoak baizik. Zehaztasun medikuntza deitzen zaio horri eta arlo horretan ikasten ari gara asko minbizi mota zehatzak tratatzeko eta osatzeko.

Gero eta minbizia gehiago dago? Edo orain izena jarri zaio?
Debate nahiko garrantzitsua da. Izan ere, nire ustez, adiago gaude, gure harreman sareak zabalagoak dira, berri txarrak oso azkar hedatzen dira… Pasatu ditugu bestelako gaixotasun larriak, gaixotasun infekziosoak. Gaur egun hori ez da gertatzen. Beste gaixotasunak gainditzen ditugun heinean, minbizia hor geratzen da muga bezala. Eta gaixotasun neurodegeneratiboak ere bai. Zenbakiek esaten dute minbizia gora doala, tratamenduak hobetzen doaz, gero eta gaixo gehiago osatzen dira… baina, bai, ez da bakarrik gehiago egotea, baizik bere profila ere aldatuko dela. Gure gizartean dauzkagun ingurumen faktoreak aldatzen doaz, gure bizi esperantza aldatzen doa, gure elikadura mota aldatzen doa… Horrek guztiak eragin bat izango du. Aurreikusi behar dugu zer gertatuko den, minbiziaren kontrako tratamendu eraginkorrak garatu ahal izateko.

Faktoreak aipatu dituzu. Zeintzuk dira minbizia sortzeko faktore nagusiak?
Faktorerik garrantzitsuena adina da, gero eta gehiago bizi, probabilitate gehiago izango dugu minbizia izateko. Zoria ere hor dago. Minbizia prozesu natural bat da. Gure bizitzan zehar zelulek bikoiztu beharra dute, bere material guztia berridatzi behar dute eta hor arazoak edo erroreak sartu ditzakete; errore horien pilaketak eragin dezake minbizia. Gero eta gehiago bizi, gure probabilitatea altuagoa da. Esaten da gizonezkoetan bitik batek garatuko duela bere bizitzan zehar minbizia eta emakumezkoetan hirutik batek. Baina horretaz gain beste faktore batzuk daude. Ezagutzen dugu amiantoa, tabakoa, alkohola… guzti hauek egiten dutena da gure zelulek arazoak, erroreak izateko probabilitatea areagotzea. Guk oinarrian probabilitate hori badaukagu, hortik gora aukera gehiago izan ditzakegu minbizia izateko. Eta hor saiatzen ari gara ulertzen zein bestelako faktoreak dauden. Elikadura, bizimodua, eta bestelako ingurune faktoreak.

Elikadura eta minbiziaren arteko harremana aztertzen duzue CIC bioGUNEan. Zeintzuk dira mementoz atera dituzuen ondorioak?
Guk aztertzen dugu elikadura bi mailatan. Lehenengoa izango litzateke nola elikatzen diren minbizi zelulak. Orain dela ehun bat urte ikertzaile batek ikusi zuen minbizi zelulek azukre gehiago jaten dutela. Eta hau badirudi, zerbait oinarrizkoa dela, baina gaur egun minbizia ikusi ahal izateko, monitorizatzeko, teknika bezala erabiltzen da. PET deitzen den teknika da, azukrean oinarrituta dago eta minbizi zelulek azukrea jateko ahalmenarekin erlazionatuta. Guk aztertzen dugu minbizi zelulak nola elikatzen diren. Badakigu haien helburua ezberdina dela. Gure gorputzeko zelula gehienek lan bat daukate egiteko, jaten dute energia izateko, eta minbizi zelulek jaten dute hazteko. Orduan helburua desberdina da eta, beraz, haien ahultasun terapeutikoak ere desberdinak izango dira. Orduan tratamendua garatzeko garrantzitsua da. Beste mailan nola elikatzen garen gu aztertzen dugu. Gizakiok edo animaliok era sistemikoan. Hor obesitateak daukan eragina, edo kolesterola altua izateak daukan eragina ikertzen ari gara. Beti elkarrekintza horretan. Minbizia zelula bezala, edo zelula talde bezala, eta organismoaren arteko elkarrekintza. Zer topatu dugun? Eragina badagoela, ikusten baditugu dauzkaten elikadura beharrak, tratamendu bereziak garatu ditzakegu. Jakin dezakegula minbizi mota bat okerragoa den beste bat baino. Hor aurrerakuntzak egin ditugu. Eta era sistemikoan zer nolako eragina daukan obesitateak, adibidez. Eta zergatik daukan eragin bat minbiziaren oldarkortasunean. Eta bagaude begiratzen prebentzio arloan zer egin dezakegun.

Zeintzuk dira aurrera begira erronka nagusiak?
Minbiziaren inguruko ikerkuntzaren erronka nagusia lehenengo eta behin detekzioa da. Minbizia gora joan ala ez, gure erronka nagusia izango da minbizia gero eta fase goiztiarragoan hautematea. Horretarako ulertu behar dugu zein den minbiziak gure gorputzean uzten duen aztarna. Hor biomarkatzaileen garapena oso garrantzitsua da. Minbizi mota bat egoera aurreratu batean topatzen badugu askoz zailagoa izango da tratatzea. Tratamendu eraginkorra izateko aurkikuntza edo detekzio goiztiarra funtsezkoa da. Eta gero zehaztasun medikuntza. Hau da, nola sailkatzen ditugun minbiziak, nola sailkatzen ditugun gaixo hauek tratamendu eraginkorra eskaini ahal izateko. Tratamendu piloa daukagu gure esku. Orain jakin behar dugu zein tratamendu den norentzako. Nire ustez horiek dira bi erronka nagusiak eta aipatu beharra dago baita ere gizarte arloan erronka bat daukagula, minbiziaren funtsezko ulermenean sakontzea. Nire esperientziatik eta badaukagu minbiziaren inguruko dibulgazioan dabilen talde, medikuekin, psikologoekin, eta ikertzaileekin batera lan egiten duena. Eta hor topatu dugu beharra dagoela minbiziaren inguruan egokiago hitz egiteko. Oinarrizko mezua behin eta berriro ematea beharrezkoa da. Hor gabezia garrantzitsu bat dago eta horrek eragiten du gaixo batek minbizi hitza entzuten duenean ezer gehiago ez ulertzea eta daukan prozesua askoz larriagoa izatea. Badaukagu estigma bat gizartean, hori gainditu behar dugu, kalitatezko informazioa eman behar dugu, interneten eskuragarri dagoen informazioa kalitatezkoa izateko laguntza eskaini behar dugu eta horrek, nire ustez, etorkizunerako aldaketa garrantzitsua litzateke minbiziaren arloan.

 

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari