Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Aratz Ramirez de la Piscina: “Pozik nago egin nuen hautuarekin, ikerketaren mundua hain gaztetatik aukeratu izanarekin”

Dokumentuaren akzioak

Aratz Ramirez de la Piscina: “Pozik nago egin nuen hautuarekin, ikerketaren mundua hain gaztetatik aukeratu izanarekin”

2016/03/04 - Unibertsitatea.net
Aratz Ramirez de la Piscina ikertzaile gasteiztarrak Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi zuen Zuzenbidea. Ondoren, giza eskubide eta botere publikoei buruzko masterrari ekin zion EHUn, eta ordutik, ikerkuntzari heltzeko erabakia hartu zuen. Hortaz, azken lau urteetan, “Nanoteknologien Arauketa Juridiko Komunitarioa” doktoretza tesia lantzen aritu da. Duela gutxi amaitu du idazketa prozesua eta apirileko defentsa prestatzen harrapatu dugu. Doktoretza lan horren parte, IkerGazte kongresuan aurkeztu zuen "Ziurgabetasunean erabakitzen: nanomaterial manufakturatuen arriskuen tratamendu juridikoa" lanaren inguruan aritu gara.

Zer dela eta aukeratu zenuen gai hori?

Gizakia, bere historian zehar garatutako ezagutza zientifiko eta teknologikoari esker, arrisku naturalei aurre egiteko gero eta kontrol gaitasun handiagoa eskuratuz doa. Bilakaera etengabe horretan alabaina, garapen teknozientifiko horrek arrisku-kategoria berri baten sorrera eragin du, “arrisku teknologikoak” izenez ezagutzen dena. Nanoteknologien bidez sortutako material berriek nanomaterial manufakturatuek osasunean edota ingurumenean eragin ditzaketen arriskuak, hain zuzen ere, arrisku-kategoria berri horren barnean kokatzen dira. Zuzenbidearen prismatik aztertuta, nanomaterial manufakturatuen arriskuek erronka garrantzitsu ugari planteatzen dituzten neurrian, nire ikerketaren helburua erronka juridiko horiek identifikatu eta erantzun juridiko posibleak artikulatzean zetzan.

Nanomaterial manufakturatuen ustiapen teknikoen ezagutza maila abiadura bizian hazten ari omen da, baina ezagutzen al ditugu horiek osasunean eta ingurumenean eragin ditzaketen arriskuak?

Azken hamarkadetan beste teknologia berri batzuekin gertatu den antzera, nanoteknologien kasuan ere beraiei buruzko ezagutza teknozientifikoaren garapena erabat asimetrikoa izaten ari da; hots, nanomaterial manufakturatuen ustiapen komertzialari buruzko ezagutza zientifiko eta teknikoa abiadura bizian hazten ari den bitartean, material berri horiek osasunean eta ingurumenean eragin ditzaketen kalte potentzialen ezagutza maila oso baxua da eta ziurgabetasun zientifikodun elementuz josia egoten jarraitzen du. Izan ere, nanomaterial manufakturatuen efektuak zientifikoki ulertzea konplexutasun handiko zeregina da; gaur egun, material horien arriskuak egokitasunez ebaluatu eta kontrolatzeko metodologia zientifiko eta teknikoak oraindik garatzeke baitaude. Ezagutza erabat asimetrikoa den momentu honetan, ordea, nanomaterial manufakturatuak produktu mota askotan erabiltzen dira, gero eta intentsitate handiagoan gainera.

Zeintzuk izan daitezke arrisku horiek?

Materialak nanoteknologien bidez eskala nanometrikoan (10-9) manipulatzen direnean beraien propietate fisiko-kimikoak aldatu, potentziatu egiten dira nolabait. Bai teknikoki probetxugarriak izan daitezken propietateak —materialen gogortasuna, elastikotasuna, elektrizitatearen eroaletasuna etab.—, baina material batzuen kasuan, baita osasun eta ingurumenarentzat kaltegarriak izan daitezkeen propietateak ere erreaktibotasuna, toxikotasuna edota ekotoxikotasuna esate baterako. Nanomaterial manufakturatuak elkarren artean konparatuz gero, horietako bakoitzak propietate fisiko-kimiko desberdinak dituenez, osasunean edota ingurumenean izan ditzaketen arriskuak banan-banan ebaluatu behar dira. Alegia, gai honetan ezin gara kategorikoak izan: material batzuk eskala nanometrikoan manipulatzean arriskutsuagoak izan daitezke, beste batzuk badirudi ezetz. Aitzitik, nanomaterialen arriskuak egokitasunez ebaluatzeko gai diren metodologia zientifikoak oraindik garatze fasean daudenez, nanomaterial arriskutsu eta ez-arriskutsuak elkarren artean bereiztea ez da zeregin erraza suertatzen ari.

Ziurgabetasun zientifikoko testuingurua nagusi bada ere, gaur egun produktuetan gehien erabiltzen diren nanomaterial manufakturatu batzuen kasuan osasunean edota ingurumenean eragin ditzaketen efektu larriei buruzko zantzu zientifikoak gero eta ugariagoak dira. Adibide konkretu bat jar dezagun. Karbonozko nano-tutuak esate baterako, beren propietate elektriko, termiko eta mekanikoak direla eta, potentzialtasun tekniko ikaragarria duten nanomaterial manufakturatuak dira. Balantzaren beste aldean, ordea, karbonozko nano-tutuen zuntzek amiantoaren zuntzekiko antzekotasun ugari islatzen dituzte. Alde horretatik, nanomaterial mota horrek kantzerraren sustatzaile izateko gaitasuna izan dezake eta zentzu horretan izakion osasunean eragin ditzakeen kalteak oso larriak izan daitezke.

Arrisku horiek zuzenbideak arautu behar ditu, baina, neurri juridiko adostuak al ditugu gaur egun?

Nanomaterial manufakturatuen ikerketa, ekoizpen, erabilera edota komertzializazioak ordenamendu juridikoetan babesten diren ondasun juridiko, giza eskubide eta interes legitimo desberdinei eragiten die. Beraz, zuzenbidea behartuta dago erabakiak hartzera, hots, nanomaterialek planteatutako ziurgabetasun zientifikoen gainean ziurtasun juridikoak eraikitzera eta etorkizunari begira nanoteknologiek planteatzen dituzten erronka desberdinei erantzun juridiko aproposak ematera. Nanoteknologiak etengabeko bilakaeran dauden teknologia berriak diren bezalaxe, beren arriskuen gainean eraikitzen ari den arauketa juridikoak ere ezaugarri berberak ditu: hasierako faseetan dagoen arauketa juridiko aldakorra da, etengabeko bilakaera normatiboa jasaten ari dena.

Europar Batasuneko ordenamendu juridikoan arreta jarriz gero, nanomaterialen arriskuen gainean eraikitzen ari den marko juridikoari koherentzia normatiboa falta zaio eta ez da eraginkorra izaten ari osasun eta ingurumenaren babes maila altua bermatzeko duen eginkizunean. Izan ere, EBko Komisioak eta Legebiltzarrak gai honetan estrategia normatibo erabat desberdina defendatzen dutenez, iritzi ezberdintasun horrek zuzeneko eragina du arauketa komunitario horren eraikitze prozesuan.

Alde batetik, Komisioak “hutsuneak bete” izenarekin bataiatu den estrategia normatiboa defendatzen du. Bere ustez, nanomaterialei aplikagarri zaizkien arauketa konbentzionalek orokorrean mekanismo juridiko aproposak eskaintzen dituzte nanomaterialen arrisku potentzialen aurrean osasun, segurtasun eta ingurumenari babes maila altua bermatzeko. Hortaz, enborrezko aldaketa normatiboak egin beharrean, Komisioak arauketa komunitarioa nanomaterialen berezitasunetara egokitzeko egin behar diren aldaketa normatiboak azalekoak eta puntualak izan behar direla arrazoitzen du eta gomendio izaera duten instrumentu normatibo malguagoak erabiltzearen aldeko apustu sendoa egiten du. EBko Legebiltzarrak ordea gogor kritikatu du Komisioak defendatu eta gidatutako estrategia normatibo hori eta enborrezko aldaketa normatiboak aurrera eraman behar direla defendatzen du. Industria nanoteknologikoa orokorrean Komisioak defendatutako estrategiaren alde azaldu da. Estatu-kide, GKE, kontsumitzaile erakunde, langileen sindikatu eta hainbat adituren artean berriz, Legebiltzarraren proposamenen aldeko iritzia nagusi da.

Zer hartu behar da kontuan nanomaterialen inguruko tratamendu juridiko bat proposatzerakoan?

Europar Batasuneko ordenamendu juridikoan hiru printzipio komunitario aurkitu ditzakegu nanomaterialen arriskuen onargarritasun maila edo “arrisku legalizatua” eraikitzeko prozesuan ardatz-elementu bezala funtzionatu beharko luketenak: gardentasun, parte-hartze publiko eta arreta printzipioa, hain zuzen ere.

Gardentasun printzipioan oinarritutako mekanismo normatiboek nanomaterialei buruzko informazio fluxu publikoa ahalik eta zintzoena, zabalena, gardenena eta objektiboena izatea bermatu behar dute.

Bestalde, parte-hartze publikorako printzipioak eskatzen du nanoteknologien “arrisku legalizatua”, legala izateaz gain, legitimoa ere izatea. Nanoteknologien garapenak sorrarazi ditzakeen onura eta kalte potentzialek gizarte osoari —gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldiei— eragin diezaieke. Beraz, gizartea beste alderdi interesdunekin batera —besteak beste, industria nanoteknologikoa, GKEak, langile eta kontsumitzaileen elkarteak edo adituak— nanoteknologien garapen prozesuaren funtsezko elementua bihurtzen da. Nanoteknologien “arrisku legalizatuak” behar adinako legitimotasuna izan dezan, beraz, agintari eskudunek nanoteknologien erabaki politiko eta juridikoak hartzean, parte-hartze publikoko prozesuetatik eratorritako ondorio nagusiei eta adostasun puntuei zor zaien pisua aintzatetsi behar diete.

Azkenik, arreta printzipioak berebiziko papera jokatu behar du nanoteknologien arriskuak kudeatzeko eraiki behar den kontrol sistema normatiboan. Esan bezala, nanomaterial manufakturatuen esposizio eta efektu kaltegarrien inguruan existitzen den ziurgabetasun zientifikoa esanguratsua da. Bestalde, material horietako batzuek osasunean eta ingurumenean sor ditzaketen kalte larri eta atzeraezinei buruzko arrazoizko zantzu zientifikoak daude. Zirkunstantzia horietan arreta printzipioa aktibagarria da, eta, beraz, nanomaterialen inguruan egituratu beharreko arreta neurrien helburua bikoitza izan behar da. Alde batetik, nanomaterialen arrisku potentzialen aurrean osasunaren eta ingurumenaren babes maila altua bermatzea eta, bestetik, nanoteknologien ezagutzaren garapen asimetrikoko egoerari buelta ematen laguntzea.

Horrenbestez, zeintzuk etorkizuneko ikerketa urratsak?

Europar Batasuneko ordenamendu juridikoan arreta ipiniz gero, nanoteknologien arriskuen gobernantzak zutabe izan beharko lituzkeen hiru printzipio horiek—gardentasun, parte-hartze publiko eta arreta printzipioa— ez dira optimizatuak izaten ari eta, ondorioz, arauketa hori ez da behar bezain gardena, legitimoa eta arretatsua izaten ari.

Etorkizunera begira, nanoteknologien arriskuen gobernantza komunitarioaren eraikipenean hiru printzipio horiek zein mekanismo eta instrumentu juridikoen bidez inplementatu behar diren sakontzeke dago oraindik. Alde horretatik, EBko Komisioak industria nanoteknologikoaren interes ekonomikoen mesedetan diseinatu duen estrategia normatiboak norabide aldaketa bat eskatzen du. Zentzu horretan, EBko Legebiltzarrak, Estatu-kide batzuek, beste hainbat prestigiodun erakundek eta alderdi interesdunen gehiengoak egiten dizkioten proposamenei kasu gehiago egin beharko lieke.

Zer da zuretzako ikertzaile gaztea izatea? Zer suposatzen du horrek?

Zuzenbide lizentziatura amaitu, masterra egin eta zuzenean ireki zitzaizkidan ikerketa munduaren ateak. Ikertzaile gaztea izanik, tesiaren hasierako urtean egokitzapen fase bat bizi izan nuen. Izan ere, ikerketak aurrera nola eraman behar diren eta zein metodologia edota parametro kontuan hartu behar diren ikasi egin behar den gauza bat da. Hala ere, pozik nago egin nuen hautuarekin, ikerketaren mundua hain gaztetatik aukeratu izanarekin.

txiotesia,elkarrizketa