Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Aratz Ramirez de la Piscina: "Neurri zuzentzaileak diseinatu artean RFID etiketak ez lirateke datu pertsonalak tratatzeko erabili behar"

Dokumentuaren akzioak

Aratz Ramirez de la Piscina: "Neurri zuzentzaileak diseinatu artean RFID etiketak ez lirateke datu pertsonalak tratatzeko erabili behar"

2017/05/31 - unibertsitatea.net
“Nanoteknologien eta RFID dispositiboen arteko konbergentzia teknologikoa: pribatutasunarentzako mehatxu berri baten atarian?” izeneko aurkezpenarekin saria jaso du Aratz Ramirez de la Piscina Arrillagak (Gasteiz, 1988) IkerGazte kongresuan. Zuzenbidean lizentziatua (UPV-EHU) da Ramirez de la Pisicina eta “Oinarrizko Eskubideak eta Botere Publikoak” masterra egin ondoren “Nanoteknologien arauketa juridikoa Europar Batasunean” tesiaren defentsa egin zuen iaz.

Bigarrenez parte hartu duzu IkerGazten. Zer nolako esperientzia izan da?
Beste behin ere oso esperientzia polita izan da niretzat. Parte hartu dudan beste edozein kongresutan sortzen ez den konplizitatea lortzen du Ikergaztek bere partaideen artean. Giroa bikaina izan da.

Zer azpimarratuko zenuke?
Kongresuaren antolaketa nabarmendu nahiko nuke. Posterrak aurkezteko aurten erabili den metodologia (3 minutuko aurkezpenak) asko gustatu zait, dinamikotasuna erantsi dio. Bestalde, arratsaldeko saio osagarriak asko gustatu zaizkit, aterpetxean oso ongi tratatu gaituzte, jatekoa oso goxoa zegoen eta osteguneko afaria (punta puntako bertsolariak barne) aparta izan da.

Zein da zure ustez IkerGazteren ekarpenik handiena?
Euskal Herrian momentu honetan ikertzen diren lerro nagusiei buruzko erradiografia txiki bat egiteko aukera eman dit. Norbere esparruaz harago beste ikertzaileen unibertso paraleloak ezagutzea erabat aberasgarria da; eta hori guztia euskaraz egitea posible bada, kasu honetan bezala, ba askoz hobe!

Zer da zuretzako ikergaztea izatea?
Komunitate baten kide sentitzea da, norbere ikerketa euskaraz egin eta dibulgatzea konbikzioz erabaki dugun ikertzaile gazteen komunitatearena.

Nanoteknologien arauketa juridiko komunitarioaren inguruko tesia defendatu zenuen iaz. Nanoteknologien bidez sortutako material berrien, nanomaterial manufakturatuen, arriskuen tratamendu juridikoaz jardun zenuen lehen IkerGazten. Zein arriskuz ari gara?
Alde batetik, nanomaterial manufakturatuak hain dira konplexuak, substantzia kimikoen arriskuak ebaluatzeko egun erabiltzen diren metodologia konbentzionalek ez dutela gaitasun tekniko nahikorik beren propietate, portaera eta efektuak egokitasunez identifikatu, ulertu eta ebaluatzeko. Testuinguru horretan, ziurgabetasun zientifikoa esanguratsua da nanomaterialen esposizioak osasunean eta ingurumenean eragin ditzakeen arrisku potentzialen inguruan eta nanomaterial horietako batzuek sor ditzaketen kalteen larritasun eta atzeraezintasunari buruz dauden zantzu zientifikoak gero eta ugariagoak dira. Bestetik, giza eskubideen berme sistemaren ikuspegitik aztertuta, nanoteknologien garapen ereduak eta beren erabilerek eragin ditzaketen erronka desberdinak ere aintzat hartzeko modukoak dira.

Oraingo honetan nanoteknologien eta RFID dispositiboen arteko konbergentzia teknologikoaz jardun duzu IkerGazte kongresuan. Zer dira RFID dispositiboak? Zertarako erabiltzen dira?
Radio Frequency Identification (RFID) dispositiboak etiketa elektroniko batzuk dira. Batez ere produktuetan eransten dira (baita animali edo pertsonei ere) euriei buruzko datuak lortzeko helburuz; esate baterako, euren unean-uneko kokapena. Etiketa elektroniko horien erabilerak oso ugariak dira. Batez ere merkataritza arloan erabiltzen dira, produktuen unean-uneko trazabilitate helburuetarako (ekoitziak direnetik hasi eta saltzen diren arteko faseetan) edo lapurretak saihesteko sistema bezala.

RFID etiketen erabilerak norbanakoen pribatutasuna errespetatu duen edo ez aztertu duzu. Aztertutako kasuetatik atera duzun ondorioa zein da?
RFID etiketen prestazio teknikoak kontuan izanik eta legedia eskuan hartuta, neurri zuzentzaileak diseinatu artean ez liratekeela datu pertsonalak tratatzeko erabili behar.

Alde batetik, etiketa horien bidez egiten den datu pertsonalen tratamendua ez da “kalitatezkoa”, legediak exijitzen duenaren aurka tratamendu horrek ez baitu proportzionaltasun printzipioa errespetatzen: etiketa horien bidez lortzen diren datu pertsonal batzuk edo ez-egokiak edo gehiegizkoak izan daitezke asebete nahi den legezko helburuari begira.

Bestetik, RFID etiketek ez dute datu pertsonalen fitxategi bezala legediak eskatutako segurtasun baldintza zorrotzik betetzen eta ez dute, beraz, euren osotasuna eta konfidentzialtasuna bermatzen. Barnean gordetzen duten informazioa transmititzeko irrati seinaleak erabiltzen dituzte. Aitzitik, seinale horiek irakurtzeko gaitasuna duen edozein dispositibok teknikoki posible du RFID etiketek barnean gordeta dituzten datu pertsonalak irakurtzea, sarrera ez-legitimo horri buruz inolako arrastorik utzi gabe, gainera. Datu pertsonal horiek enkriptatzea konponbide posible bat izan daiteke, sarrera ez-legitimoen aurrean datu horiek irakurtezinak izan daitezen.

Urtebete da tesia aurkeztu zenuenetik. Zein proiektu duzu eskuartean?
Unibertsitate munduari lotuta jarraitzen dut. Doktoratu osteko EHUren beka  bat lortu dut tesian zehar landutako hainbat aspektu sakondu eta horri buruz lan monografiko bat argitaratzeko.