Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Ania Ibarguren: "Hondakin organiko kantitate handiak modu jasangarri eta merke batean kudeatzea posible dela ikusi dugu"

Dokumentuaren akzioak

Ania Ibarguren: "Hondakin organiko kantitate handiak modu jasangarri eta merke batean kudeatzea posible dela ikusi dugu"

2017/06/22 - unibertsitatea.net
Ania Ibarguren Quintanak (1988, Donostia) 2017ko IkerGazte kongresuko Zientziak eta Natur Zientzietako saria jaso du ex aequo Amaiur Esnaolarekin batera. Ibargurenek "Noaingo oilategi konpostagailua etxeko soberakin organikoak aprobetxatzeko ikerkuntza partehartzailea" izeneko lana aurkeztu zuen kongresuan. Izan ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoan Nekazal Ingeniaritza Teknikoa egin ondoren, ikasketa amaierako proiektu bezala Noaingo Oilategi konpostagailuaren 30 hilabeteetako funtzionamenduaren ebaluazioa egin zuen. "Gaur egun Ingurugiroaren Agrobiologia masterra amaitzen ari naiz (NUP-ek eta EHU-k elkarlanean eskaintzen duten master ofizial bakarra) eta ikasketa amaierako proiektua ere etxeko hondakin organikoen kudeaketaren ingurukoa izango da"

Zerk eraman zaitu ikergaztera?
Nahiz eta NUPeko nire ikasketak gaztelaniaz egin (euskarazko eskaintzarik ez zegoelako), ikasketa amaierako proiektua euskaraz egiteko aukera izan nuen eta ez nuen zalantzarik izan euskaraz egiteko. Masterra egiten ari nintzela Ikergazteko kongresuaren berri izan nuen eta nire lana plazaratzeko eta jendea ezagutzeko aukera interesgarria zelakoan izena eman nuen.

Zer nolako esperientzia izan da?
Esperientzia aberasgarria izan da niretzat, guztiz gomendagarria. Zure alorrekoak diren ikerlanak ezagutzeaz gain, ezezagunagoak diren beste hainbat gaietara gerturatzeko balio izan dit. Ikerketa munduan murgilduta dabilen jende asko ezagutzeko aukera ematen du eta gainera, alor ezberdinen arteko trukeak jakintzak uztartu eta elkar aberasteko baliagarria izan da. Bertan sortu den giroa ere oso ona izan da, lagunartekoa eta gertukoa. Gainera, aurtengo edizioa Nafarroako hiriburuan ospatzeak sinbolismo berezi bat dauka niretzako, Iruñeko euskararen erabilera pixkanaka zabaltzeko aukera bat ere izan delako.

Zer da zuretzat ikergaztea izatea?
Ikerketa euskaraz egiten dugun gazteon lanak plazaratu eta arlo berdineko zein ezberdinen arteko harremanak eta jakintzak saretzeko aukera interesgarri baten parte izatea da niretzat.

Noaingo oilategi-konpostagailuan oinarritzen da aurkeztu duzun ikerketa. Nola funtzionatzen du konpostagailu horrek?
Auzo konposta eta oilategia uztartzen dituen gunea da eta 30 familia boluntarioen etxeko soberakin organikoak kudeatzea du helburu (100 bat pertsonaren biohondakinak). Bizilagunek botatako materia organikoaz elikatu ahal dira oiloak eta beren atzapar eta mokoen akzioa dela eta, hondakinen tamaina txikitu eta konposta iraultzen dute prozesua azkartuz. 30 familia horietatik bat izango da hilabetean behin egun horretan errundako arrautzen trukean, familia guztiek utzitako soberakinen ekarpena egingo duena 1.go konpostagailuan (ekarpena egiteko irekita dagoen konpostagailu modulu bakarra, gainerako biak itxita aurkitzen baitira) dagokion egituratzaile kantitatearekin batera.

Konpostatze prozesua sailka antolatzen da: 1. konpostagailuaren edukiera bio-hondakinez betetzean, 3. konpostagailuko konposta hustu egiten da, 2. konpostagailukoa 3. konpostagailura lekualdatzen da eta 1. konpostagailukoa, berriz, 2. konpostagailura. Modu honetan, lehenengo konpostagailua berriz hutsik geratzen da, soberakinen ekarpena egiten jarraitu ahal izateko. Ondutako konpostaren bahetze lanak erraztu asmoz, 3. konpostagailutik ateratzen den konposta eguzkiari esker materiala berriz higienizatzen duen solarizadore batera sartzen da. Solarizadoretik igaro eta gero, bahetu ahal da eta bertako baratze zein lorategietan zabaltzen da.

Nafarroako orain arteko hondakin organikoen kudeaketa ez da oso eraginkorra izan zure esanetan
Nafarroako zenbait zonaldeetan kudeaketa bikaina izaten ari da, arazo nagusia Iruñerrian da, gainerako Euskal Herriko hiri gehienetan bezala kudeaketa ez baita oso eraginkorra izan. Ekonomia Zirkularrean oinarritutako legedia errespetatu nahi bada zonalde askotan eta batez ere hirietan sistema eraginkorragoak behar dira. 2030erako etxe eta enpresetatik eratorritako hondakinen %70a birziklatzea du helburu legediak eta Iruñerrian edo beste euskal hirietan %35 inguruko birziklatze tasa dagoenez, epe ertainera birziklatzera bideratutako hondakin kopurua bikoiztu beharko da gutxienez. Gainera, etxeetan sortzen den zabor poltsaren %45a baino gehiago materia organikoa denez, frakzio hau selektiboki jatorrian aktiboki biltzea eta modu jasangarriago batean kudeatzea ezinbestekoa da. Bide honetan hartzen diren neurri guztiak gutxi izan daitezke 2030 urtean tasa hauetara iritsi nahi badugu.

Etxeko soberakin organikoak aprobetxatzeko bakarrik ez, beste hainbat onura ere badakartza proiektuak
Gure sukaldeetan sortzen dugun hondakin organikoaren kudeaketa optimizatzeaz gain, beste onura asko ditu sistema honek. Ingurumenaren ikuspuntutik, sistema deszentralizatu bat denez, zabortegi edota erraustegietatik eratorritako ingurumen kalteak ekiditen dira eta, gainera, herrian bertan baliatu daitezkeen kalitatezko bi produktu lortzen dira (konposta eta arrautzak). Sistemaren instalazioa eta mantenua merkea da (pentsu kontsumoa oso baxua da) eta hondakinen bilketa eta tratamendu kostuak aurreztea ahalbidetzen du.

Sozialki, jendea sentsibilizatu eta inplikatzeko tresna izan da, norbera sortzaile den heinean bere hondakinen kudeaketaren arduradun izatearen jabetza hartuz. Bestetik, bizilagunak elkar ezagutu eta auzoko elkarbizitza bultzatzeko ere eraginkorra izan da. Sistema honek eskaintzen dituen onura guztien hartzaile zuzena sortzailea denez, errazagoa da hondakinen inguruan ardurak hartzea eta inplikatzea.

Zer da zehatz-mehatz neurtu duzuena?
Alde batetik, bizilagunek egindako materia organiko eguneroko ekarpena kalkulatu da eta prozesu amaieran lortzen den konpost kantitatea eta ezaugarriak ere aztertu dira. Beste aldetik, konpostatze prozesuaren garapena ebaluatu asmoz, parametro ezberdinen eboluzioa ikertu da (prozesuaren tenperatura, hezetasun maila, konpostagailuaren betetze maila,...). Azkenik, arrautza kantitatea ere zehaztu da eta hegaztien eta arrautzen osasun maila ikertu asmoz beste zenbait parametro ere neurtu dira.

Zeintzuk dira atera dituzun ondorio nagusiak?
Borondatez eta gogotsu lan egin nahi duten parte hartzaileekin auzolanean, gure sukaldeetan sortzen diren hondakin organiko kantitate handiak modu jasangarri eta merke batean kudeatzea posible dela ikusi dugu. Konpostatze prozesuaren parametroak eta oilategiaren eboluzioaren emaitzak positiboak izan dira eta apenas kosturik gabe 11 tona inguru etxeko hondakin konpostatu dira 30 hilabeteetan, kalitatezko 4,4 tona konpost eta 4.562 arrautza errun berri lortuz. Ekonomikoki esan behar da hasierako inbertsioa minimoa dela eta mantentze kostuak ere oso baxuak direla (pentsu kontsumo baxua). Parte-hartzaileen ikuspuntutik baloratuta, ekimen oso positibotzat jotzen dute sistema hau eta gainera proiektuan parte hartuko luketen bisitari askoren interesa erakartzeko ere balio izan du. Inguruko auzokideen artean balorazioa guztiz positiboa izan da, oilategiak bisitari asko izan ditu eta gehienak ez ziren ohartzen han bertan auzokonposta gune bat zegoenik. Beraz, sistema guztiz eredugarria eta moldagarria denez, beste lekuetara zabaltzeko aukera eskaintzen du, tokian tokiko egokitzapenak kontuan hartuz.