Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Anfibioak izango dira protagonista egunotan Oñatiko XX. Ingurumen Jardunaldietan

Dokumentuaren akzioak

Anfibioak izango dira protagonista egunotan Oñatiko XX. Ingurumen Jardunaldietan

2016/02/26 - Unibertsitatea.net
Oñatiko Natur Eskolak erakustea berezia prestatu du, eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, berriz, mundu mailan mehatxu egoera larrienean dagoen ornodun talde honen inguruko hitzaldia eskainiko du.

XX. Ingurumen Jardunaldien baitan, Oñatiko Natur Eskolako kideek Txantxikuak, lupuak, ugaatxuak anfibioen sekretuak izenburua duen erakusketa antolatu dute; berau, otsailaren 22tik martxoaren 6ra bitartetan izango da ikusgai Kultur Etxean.

Halaber, gaur bertan, otsailaren 26an, Anfibioak: dinosauroen iraungipena gainditu duten bizidunak kinka larrian hitzaldia eskainiko du Ion Garin-Barrio Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologia saileko kideak, arratsaldeko 19:00etan Oñatiko Kultur Etxean.

Horiez gain, Oñatiko herpetofauna -anfibio eta narrasti espezieak- identifikatzeko ikastaro bikoitz bat ere eskainiko dute; antolatzaileen hitzetan, "jardunaldiak borobildu eta herritarrak ekimenaren parte izan daitezen". Horrela, lehenik, anfibioak identifikatzeko ikastaroa eskainiko dute jardunaldien barnean, eta udaberri amaieran, aldiz, narrastiak identifikatzeko beste ikastaro bat.

Anfibioak identifikatzeko ikastaro-irteera larunbatean, otsailaren 27an, izango da, goizeko 09:00etan. Hitzaldi motz batekin abiatuko da, bertako anfibio espezieak bereizteko ezaugarri nagusiak adierazita, eta ondoren, ezaugarri horietariko batzuk Aranzadi Zientzia Elkarteko Bilduma Herpetologikoko hainbat laginekin konprobatzeko aukera izango du bertaratzen den orok. Amaitzeko, irteera bat egingo da bertako espezieak in situ ikusteko.

Oñatiko Ingurumen Jardunaldien XX. edizio honetan, antolatzaileek, arreta berezia ezarri dute mundu mailan mehatxu egoera larrienean bizi den ornodun taldearengan, hau da, anfibioengan.