Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Amaiur Esnaola Illarreta:“ Funtsezkoa izango da hidroelektrikoen jarduera muturluzearen beharrizanen arabera erregulatzea”

Dokumentuaren akzioak

Amaiur Esnaola Illarreta:“ Funtsezkoa izango da hidroelektrikoen jarduera muturluzearen beharrizanen arabera erregulatzea”

2017/06/06 - unibertsitatea.net
2017ko IkerGazte kongresuko Zientziak eta Natur Zientzietako saria ex aequo banatu zen eta saridunetako bat Amaiur Esnaola Illarreta (1992, Donostia) izan zen, "Pirinioetako muturluzearen (Galemys pyrenaicus) ekologia espazial eta trofikoa: kontserbaziorako funtsezko 
faktoreak" aurkezpenari esker. Biologoa da Esnaola eta Ingurune Naturalaren Ekologia, Gestioa eta Errestaurazioa Masterra ere egin zuen Bartzelonako Unibertsitatean (UB). 2016an ekin zion tesiari UPV/EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Sailean.

Zerk eraman zaitu IkerGaztera?
2015ean, masterra amaitzen ari nintzela izan nuen lehenengoz IkerGazte kongresuaren berri. Urte hartan inbidiaz jarraitu nuen kongresua eta aurtengoan parte hartzera animatu naiz. Nire lana ezagutzera emateaz gain, Euskal Herrian arlo ezberdinetan egiten diren ikerketa-lanak ezagutzeko aukera paregabea iruditu zitzaidan.

Zer da zuretzako ikergaztea izatea?
UEUren sorreratik gaur egunera arte egin den lana baloratu eta UEUkideek hasitako bidean bidelagun izateko aukera da niretzako ikergaztea izatea; azken batean, Jose Ramon Etxebarriak kongresuan hain ondo azaldutako katedralaren eraikuntzan parte izateko aukera izatea.

“Pirinioetako muturluzearen (Galemys pyrenaicus) ekologia espazial eta trofikoa: kontserbaziorako funtsezko faktoreak” horixe Ikergazten aurkeztu duzun eta epaimahaiak saritu duen lana. Zein berezitasun ditu Pirinioetako muturluzeak? Zergatik erakarri ditu zuen begiradak?
Euskal Herriko biodibertsitatean dugun altxorretako bat izatea da Pirinioetako muturluzearen edo ur-satorraren berezitasun nagusia. Zoritxarrez, gurean berezia izan arren, ezezaguna zaigu orokorrean eta mehatxaturik dago, gainera. Ugaztun txiki honen ezkutuko bizimoduak eta populazioen dentsitate baxuak kontserbaziorako funtsezko diren bere biologiaren aspektu ugari ezezagunak izatea dakar. Ezjakintasun horiek argitzeko grinak erakarri ninduen gaiaren inguruan tesia egitera.

Arriskuan dago eta kontserbazio egoera hobea lortu duten ibaietan ere populazioa beherantz doala ikusteak harritu zaituzte.
Ekologikoki egoera oso onean dauden ibaietan soilik agertzen dira muturluzeak. Dena den, kontserbazio egoera hobea lortu duten ibaietan ere atzerakada nabarmenak behatu dira, bai, azken urte hauetan. Azken urteetan egin diren zenbait ikerketek klima aldaketak muturluzearen banaketan, orokorrean, eragina duela erakutsi dute; baina eragin handiagoa ikusi da gizakiok ibaietan eragiten ditugun alterazioen kasuan. Ubideetan eragiten ditugun presioek metapopulazioen zatiketak, habitataren hondaketak eta bazka-eskasiak eragiten dituzte eta horrek muturluzeak mehatxaturik egotea dakar.

Artikutza eta Leitzarango ur-satorren populazioa aztertzen ari zarete momentu honetan. Zer da zehatz mehatz aztertzen ari zaretena?
Momentu honetan ikertzen ari garena muturluzearen ekologia espaziala (habitataren hautespena) eta trofikoa (dietaren hautespena) dira. Horretarako, Euskal Herrian muturluzeak presente dituzten bi erreka aukeratu ditugu: Elama (Artikutza), Euskal Herrian hobekien kontserbaturiko erreketako bat, eta Leitzaran (Oria), ekologikoki egoera onean egon arren zentral hidroelektrikoen eragina pairatzen duen ibaia.

Habitat hautespenari dagokionean, eskuragarri duen espazioa, mikrohabitat mailan, ezberdin erabiltzen ote duen ikusi nahi izan dugu. Horretarako, hiru habitat motatan sailkatu dugu ibaia: ur-laster, ur-bare eta putzuetan. Dietari dagokionean, eskuragarri duen elikagaia ezagututa (intsektuen larba urtarrak), zer jan duen aztertu nahi dugu, dietaren hautespena zehazteko. Guzti honek baimenduko digu, besteak beste, habitat hautespena baliabide trofikoen (dietaren) edo bestelako baliabide fisikoen araberakoa den ezagutzea, eta hori funtsezkoa izango da kontserbaziorako funtsezko gakoak zehazteko.

Zein da erabili duzuen metodologia?
Ekologia espaziala ezagutzeko muturluzeak harrapatu eta jarraitu genituen zenbait gauez. Mikrohabitat mailako eskuragarritasun mapak gauean zeharreko kokapen espazialekin alderatuz, muturluze bakoitza aktibo egondako denboran zein habitat motatan zegoen jakin ahal izan genuen, habitat-hautespena zehaztuz.

Ekologia trofikoa ezagutzeko aldiz, harrapakin potentzialen laginketak gauzatzeaz gain, muturluzeen gorotzak bildu eta genetikoki aztertzen gabiltza. Orain analisi genetikoak eta bioinformatikoak fintzen gabiltza, hautespen trofikoaren gaian aurrera egin ahal izateko.

Zeintzuk dira momentuz atera dituzuen ondorio nagusiak?
Oraingoz, ikusi dugu ur-satorrak aktibo dagoen denboran ur-lasterrekiko hautua egiten duela ur-bareen eta putzuen alboan. Hautespen horrek, muturluzearen kontserbaziorako ur-lasterrak faboratu beharko liratekeela iradokitzen du. Horretarako, besteak beste, funtsezkoa izango da hidroelektrikoen jarduera muturluzearen beharrizanen arabera erregulatzea.