Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Amaia Pavon: "Nerabeek ikus-entzunezkoen bitartez interpretatzen dute mundua, eta haien bidez eraikitzen dute taldearen identitate soziala"

Dokumentuaren akzioak

Amaia Pavon: "Nerabeek ikus-entzunezkoen bitartez interpretatzen dute mundua, eta haien bidez eraikitzen dute taldearen identitate soziala"

2014/05/27 - Unibertsitatea.net
Gazteek euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzea nahi bada, gazteentzako propio sortutako produktuak ekoitzi behar direla defendatzen du Ikus-entzunezkoen Komunikazioan adituak. Hori bai, uste du gaur gaurkoz ez dela horrelakorik existitzen.

Ikus-entzunezkoei hertsiki lotuta egon dira beti Amaia Pavon (Arrasate, Gipuzkoa, 1984) UPV/EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatuaren ikasketak. Bartzelonako Ramón Llull Unibertsitatean Errealizazioan granduondokoa egin zuen, eta Argentinako FLACSO Unibertsitatean Hezkuntza eta Komunikazioa graduondoa ere egin zuen.

Orain 6 urte, baina, doktorego-ikasketak egiten hasi zen Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, eta, egun, Nerabearen eta lagun-taldearen ikus-entzunezkoen kontsumoa 2011an: Gipuzkoako azterketa izeneko tesiaren azken hondarretan dago. Gainera, irakasle lanetan dabil unibertsitate horretan.

Twitter sare sozialeko profilean honelaxe diozu: “Ikus-entzunezkoen munduari begira, begiak zabal-zabalik”. Ikus-entzunezkoak beharrezkoak ditu egungo gizarteak? Ze funtzio betetzen dute?

"Behar" terminoa oso erlatiboa izan daiteke; behar baino, esango nuke gizarteak erabat bereganatu dituela ikus-entzunezkoak eta eguneroko bizitzaren parte esanguratsu diren heinean, komeni da adi-adi egotea, batetik, ikus-entzunezkoen munduan gertatzen denari, eta bestetik, gizarteak, taldeek edo pertsonek haiei ematen dieten erabilerei.

Ikus-entzunezkoen munduan murgilduta zabiltza Mondragon Unibertsitatean eta nerabeen eta lagun-taldeen ikus-entzunezko kontsumo-ohituren inguruko doktorego-tesia ari zara burutzen. Zeintzuk dira zure ikerketaren lerro nagusiak?

Ikerketaren lerro nagusiak bi dira, finean. Lehenik eta behin, helburua izan da ikertzea nerabeen kontsumo ohiturak digitalizazioaren garaian. Asko teorizatu da audientziaren profil-aldaketaren inguruan, ikus-entzunezkoen digitalizazioak, IKTak eta sare sozial birtualak eragindako aldaketa berau. Testuinguru horretan, aztertu nahi izan dut Gipuzkoako nerabeen audientzia-profila nolakoa den, betiere kontuan hartuta subjektu aktiboak direla, eta gai direla aukeratzeko zer, noiz, non, nola eta norekin kontsumitu nahi duten.

Horrekin batera, arreta berezia jarri dut lagun-taldean, aztertzeko norbanakoaren, lagun-taldearen eta ikus-entzunezkoen artean sortzen diren interakzioak. Jakina da nerabezaroan lagun-taldea dela talde sozial garrantzitsuenetariko bat, eta nerabearen eta taldearen arteko harremanari gehitu diogu ikus-entzunezkoen presentzia, eta ikusi dugu zer gertatzen den triangelu horretan.

Ohitura horiek gazteen inguru soziala eta kulturala kontuan izanik aztertu dituzu. Zein da ikus-entzunezkoak kontsumitzen dituen ohiko gaztearen profila? Genero ikuspegitik, bada berezitasunik?

Aurretik ere esan dudan moduan, ikus-entzunezkoak eguneroko bizitzaren parte dira, horrek esan nahi du ohiko jarduerekin batera (esaterako, lo, jan, ikasi, lagunekin egon), gazte ororen eguneko beste parte bat betetzen dutela ikus-entzunezkoek. Edukiei dagokionez, telesailak jarraitzen dute produktu izarra izaten, eta, genero ikuspegiaren arabera, eduki desberdinak aukeratzen dituzte. Digitalizazioaren eta sare sozialen aroan, oraindik ere nahiago dute telebistan eta familian ikusi ikus-entzunezkoak, eta aurrez aurre partekatzen dituzte beraien ikus-entzunezko esperientziak, Internet bitartez baino gehiago.

Ikus-entzunezkoek berebiziko garrantzia dute nerabeen eta gazteen artean. Zertarako eta nola erabiltzen dituzte, oro har? Ikus-entzunezkoen zein erreminta erabiltzen dute gehien?

Ikus-entzunezkoetan bilatzen dituzte nerabe eta gazteek haien erreferente sozialak; horien bitartez interpretatzen dute mundua, eta ikus-entzunezkoekin batera eraikitzen dute taldearen identitate soziala. Musikak eta horren inguruan sortutako ikus-entzunezkoek ere berebiziko garrantzia dute nerabezaroan, eta bertan agertzen diren pertsonaiak, estiloak, janzkerak eta esaerak, hala nola, partekatzen dituzte taldean, identitate horren eraikuntzarako. Horregatik da hain garrantzitsua ezagutzea zeri begira dauden gure gazteak, zeren inguruan hitz egiten duten edota zer partekatzen duten sare sozialetan.

Gazteak eta ikus-entzunezkoak ardatz hartuta, ikerketa bat baino gehiago egin izan duzu, eta datuek erakusten dute gazteek gaztelaniazko produktuak gehiago kontsumitzen dituztela euskarazkoak baino. Zer egin behar da txanponari buelta emateko? Euskaraz ez da ekoizten kalitatezko produkturik?

Alderatzen badugu kuantitatiboki zenbat produktu ekoizten diren euskaraz eta zenbat gaztelaniaz, horrek berak ezartzen du langa gaztelaniazko produktuen aurrean, euskarazko ekoizpena ezingo baita sekula hainbestekoa izan. Zentzu horretan, normala da nerabeek gaztelaniazko produktu gehiago kontsumitzea. Kontua da euskarazkorik apenas ez dituztela ikusten, eta hor bai dagoela zer pentsatu: gazteak euskarazko ikus-entzunezkoei begira jarri nahi baditugu, sortu beharko dugu haientzat propio egindako produkturen bat, eta gaur gaurkoz, ez da horrelakorik existitzen.

Telebistan eta familia giroan kontsumitzen dira bereziki ikus-entzunezkoak gaur egun egin duzun ikerketaren arabera, baina beste kontsumo era batzuk gailentzen hasita daude: esaterako mugikorretatik ikus-entzunezkoak kontsumitzeko ohitura. Horrek ikerketan ondorioztatu duzuna urte batzuk barru aldatzea ekar lezakeela uste duzu?

Ez dut uste mugikorreko kontsumoak telebistari lekua kenduko dionik; ordea, ikus-entzunezkoak beste testuinguru batzuetara gehitu dira mugikorrari esker. Nerabeen kasuan, askok aitortzen dute lagun-taldearekin daudenean (besteak beste, eskolako atsedenaldian, eskolatik irtetean eta asteburuan) erabiltzen dutela mugikorra ikus-entzunezkoak ikusteko. Telebistak, beraz, bere lekua izango du egunerokotasun horretan, eta beste kontsumo-ereduak aurrekoari gehituko zaizkio.

Ikus-entzunezkoen mundua etengabe ari da aldatzen. Horrek kontsumitzeko ditugun ohiturak ere erritmo berean aldatzea dakar?

Gauza bat da teknologia etengabe aldatzen ari dela, ikus-entzunezkoen munduan, eta beste makina bat esparrutan. Gizarteak, baina, bere denbora behar du aldaketa teknologiko horiek bereganatzeko eta egunerokotasunean txertatzeko. Esaterako, 2011an eginda dago nire ikerketa, eta, garai hartan, smartphone telefonoak ez zeuden oso hedatuta gaztetxoen artean, nahiz eta ordurako teknologia eskura egon. Hiru urte beranduago ikus dezakegu nola gizarteak erabat bereganatu duen teknologia hori.

Amaitzeko, epe laburrean zein proiektu dituzu esku artean?

Oraingoz, tesia defendatzea da nire helburu nagusia, eta behin hori amaituta, tesitik abiatuta, artikulu zientifiko batzuk argitaratzea gustatuko litzaidake. Etorkizunera begira, hedabideen eta nerabeen inguruan ikertzen jarraitzea gustatuko litzaidake, eta lagun-taldearekin egin dudan moduan, tesian, bestelako ezaugarrietan arreta jartzea interesgarria izango litzateke.

 

txiotesia,elkarrizketa

 

 

 

 

"Sarrera honek #KulturaZientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du"

KZjaia2