Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Amaia Arroyo: "Irakasleen formakuntzan teknologien erabilera egokia da sustatu behar dena"

Dokumentuaren akzioak

Amaia Arroyo: "Irakasleen formakuntzan teknologien erabilera egokia da sustatu behar dena"

2014/10/31 - Unibertsitatea.net
Amaia Arroyo ikertzailea etorkizuneko irakasleen formazioan sarean izatearen, komunikatzearen eta ikastearen garrantzia lantzen dabil doktorego-tesian. Berarekin izan gara.

Doktorego tesian etorkizuneko irakasleen formazioan sarean izatearen, komunikatzearen eta ikastearen garrantzia lantzen zabiltza. Nondik sortu zitzaizun gaia ikertzeko beharra?

Irakasleek IKT formazioa jaso behar dutela jakina da; baina, UNEDeko masterra egin nuenean, IKTen hezkuntza-erabileraren ikuspegi zabalagoa garatu nuen: hezkuntza-komunikazio ikuspegia, alegia. Hor piztu zitzaidan interesa identitate digitala, inteligentzia kolektiboa, PLEa (Personal Learning Environmet edo Norberaren Ikaskuntza Ingurunea) eta horrelakoen inguruan aztertzeko. Zera barneratu nuen: teknologien atzean pertsonak daudela, eta teknologiak baliatzen ikasi behar dugula sarean izan bagarelako, eta bertan komunikatu eta ikasten dugulako.

Alor horretan, irakasleek berebiziko garrantzia dute, herritar guztien hezkuntzan parte hartzen dutelako. Beraz, irakasleen formazioan hezkuntza-komunikazio ikuspegia landu behar dela iruditzen zait; hots, sarean izaten, komunikatzen eta ikasten lagundu behar zaie irakasle ikasketetan.

Nola eragin du teknologia berrien iraultzak hezkuntzan?

Teknologia berriek irauli egin dute gizartea, bai. Genís Rocak bere TEDxGaliciako hitzaldian azaldu zuen bezala, teknologia digitala izan da gizartearen bi arlo garrantzitsu irauli dituen lehenengo teknologia: produkzioa eta jakintza zeharo aldatu ditu. Jakintza modu ezberdin batean sortzen eta partekatzen da gaur egun, baina ez dut uste hori eskoletan behar bezala islatu denik.

Orain dela urte batzuk, ikasgeletara teknologia sartu zen (Eskola 2.0 proiektuko eramangarriak). Aldaketa etorriko zela uste zuten askok; baina ez zen hori gertatu, tresnek, berez, ez dutelako ezer aldatzen. Eskola askotan, lehengo ereduekin jarraitzen dute, teknologiak erabiliz. Hau da, paperak eta karpetak pdf eta Moodlengatik ordeztu  dira; baina hor ez dago iraultzarik.

Askotan pentsatzen dut eskolak deskonektatuta bizi direla: ezin da telefono mugikorrik erabili, mahai guztiak irakasleari begira daude… Baina gauzak aldatu dira: irakaslea ez da informazio-iturri bakarra, informazioa nonahi dago, eta informazioaren eta jakintzaren gizartean moldatzen irakatsi behar diegu ikasleei. Horrek ez du esan nahi teknologia erabilita hezkuntza irauliko dugunik; teknologia baliatu egin behar dugu, eta horixe da ikasleek ikasi behar dutena.

Iraultza horren eragina baina irakasleen formazioan ez da guztiz islatu eta hauen formazioa jakintza instrumentalera soilik ezin dela mugatu diozu. Zein da eman beharko litzatekeen pausoa?

Hezkuntza-iraultza bideratzeko metodologian eta pedagogian jarri behar dira indarrak, eta horretan dabiltza irakasle asko. Poliki-poliki ari gara unibertsitate mailan ikertzen, proiektu berriak martxan jartzen eta ekimenak sortzen. Hezkuntza aldatzearen beharraz jabetu eta orain pausoak ematen ari gara.

Nire ustez, eman beharreko pauso garrantzitsu bat da irakasleen formazioa egokitzea. Ez dut esango oraingo irakasle ikasketak egokiak ez direnik, ezta gutxiago ere. Nik orain dela hamar urte bukatu nituen ikasketa horiek, eta badakit gauzak asko aldatu direla; onerako, noski. Baina uste dut aldaketa horiek ez direla guztiz islatzen eskoletan. Irakasleek formazioa behar dute; baina, erremintak nola erabili baino, zertarako, noiz eta nola erabili ikastean dago gakoa.

Irakasleen formakuntzan nola sustatu daiteke teknologia berrien erabilera? Beste ereduren batera begiratu beharko genuke horren garrantziaz jabetzeko?

Irakasleen formakuntzan teknologia erabiltzea sustatzea baino, erabilera egoki bat sustatzea da helburua. Askotan, IKTak aipatzen direnean, erremintetan jartzen dira indarra eta arreta; baina hori ahaztu beharko genuke: ikaslearen ikaskuntza da garrantzitsuena, eta, hortik abiatuta, behar diren metodologiak, erremintak eta baliabideak aukeratzea eta erabiltzea.

Badago hori ondo islatzen duen eredu bat: TPACK eredua (Mishra, P & Koehler, M (2006): Technological Pedagogical Content Knowledge: A Framework for Teacher Knowledge. Michigan State University). Eredu horren arabera, irakasle batek oinarrizko hiru jakintza mota izan behar ditu: edukiaren jakintza, edukia irakasteko pedagogia egokiaren jakintza eta teknologia egokia zein den jakitea (ez du zertan berriena izan). Hiru jakintza mota horiek uztartuz lortuko da hezkuntzan IKTak baliatzea, zentzuz eta hezkuntza-helburuei begira. Baina eredu hori hasiera besterik ez da. Ikertzen jarraitu behar dugu hezkuntza gaur egungo eta etorkizuneko gizartera moldatzen saiatzeko.

 Amaia Arroyo

 

 Beraz, irakasle-ikasketetan IKT alorreko eredua aldatzea proposatzea da zure helburua. Zein da abiapuntua?

Abiapuntua kaosa da… Egungo teoriak eta aspaldikoak alderatu behar dira, sinergiak bilatu, kasuak aztertu… TPACK eredua abiapuntu ona iruditzen zait, baina komunikazioa faltan sumatzen dut. Nire ustez, hezkuntza eta komunikazioa ezin banan daitezkeen diziplinak dira, eta nire abiapuntuak hori islatu beharko luke.

Dena dela, teoriak oso politak dira: politegiak. Nire helburua ez da alde teorikoan gelditzea, proposamen zehatzak egitea baino. Literatura ondo dago, baina, hezkuntzan eragin nahi badugu, jarraibide eta gida-lerro zehatzak behar dira.

Zeintzuk dira epe laburrean eskuartean dituzun proiektuak?

Baditut hainbat proiektu esku artean. Arlo akademikoari dagokionez, tesia bera proiektu potolo bat da: denbora asko behar da irakurtzeko, pentsatzeko, galdetegiak prestatzeko… Erronka handia da bakardadean tesia idaztea, beraz, asmo handiko proiektua da.  Arlo profesionalean, nire lanaz gain, ekimen bat prestatzen ari naiz ilusio handiz, Josune Arangurenekin eta Izaro Arbizurekin batera: irakasleen IKT formazioan eragin nahi dugu, ikuspuntu praktiko batetik. Horretarako, eskolei eta irakasleei formazioa eskainiko diegu, IKTak modu eraginkorrean erabiltzen laguntzeko. Oraindik ikerketa fase batean gaude, baina espero dugu laster martxan jartzea.

txiotesia,elkarrizketa

 

 

 

(txiotesia1, txiotesia2, txiotesia3)