Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Amaia Albizua Aginako: "Ikerketak herri honetan ez dauka behar duen babesa, bokazio handia behar da"

Dokumentuaren akzioak

Amaia Albizua Aginako: "Ikerketak herri honetan ez dauka behar duen babesa, bokazio handia behar da"

2017/02/07 - unibertsitatea.net
Azken Txiotesian parte hartu zuen Amaia Albizua Aginakok (1982, Amurrio) eta sei txiotan laburbildu aurkeztu berri zuen doktore tesia: “Nekazaritza areagotzearen inpaktu sozio-ekologikoak: Nafarroako ureztatze modernoaren kasua”. Albizuak Ingurumen zientziak egin zituen lehenengo Salamancako Unibertsitatean, ondoren Lurzoruaren eta Uraren kudeaketaren gaineko Masterra Lleidako Unibertsitatean eta, azkenik, ekonomia ekologikoaren inguruko masterra Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. BC3 (Basque Centre for Climate Change) ikerketa zentroko kidea da.

Nekazaritzako intensifikazioaren inpaktu sozio-ekologikoak aztertu dituzu zure tesian. Zehatz mehatz Nafarroako ureztatze modernoaren kasua. Zerk eraman zaitu ikerketara?
Lurzoru eta uraren arteko harremana ulertu nahi nuen hurbil zegoen kasu baten bitartez. Alde batetik, lurra eta ura oinarrizko baliabideak dira lurraren bizitzan. Beste aldetik, beti etxetik urrun ikasi dut eta nire doktoregoko ikerketa errealitate hurbilarekin lotu nahi nuen.

Iruñeko lagun batek Itoizko urtegiaren ondorio sozialak jakinarazi zizkidan (bere familia jasaten ari zena) eta horri ondorio ekologikoak lotuz, oso kasu interesgarria izan litekeela pentsatu nuen. Itoizko urtegiaren inguruko manifestaldiak gogoratzen nituen eta, 20 urte geroago, bere inpaktu sozial eta ekologikoak ikertzea ideia ona iruditu zitzaidan. Gainera, kasu honek errealitate zabalagoa irudikatzen du; hau da, nekazaritza-areagotzearena, eta azken hau ere ulertzeko asmoarekin hasi nuen ikerketa.

Nekazaritzako ekosistemetan, ureztaketa-teknologiaren hastapena askotan lur erabilera intentsiboarekin loturik egon da. Ureztaketa modernoak emankortasuna handitzen du, baina aldi berean ingurune-inpaktu kaltegarriak ere baditu; berotegi efektua sortzen duten gasen isurketa, uraren kutsadura edo inpaktu sozialak, besteak beste. Itoitz-Nafarroako ubidea, landa-bizitzan eraldatze sakon bat eragiten ari da, ureztaketa modernoa eta honi loturiko makineria astun zein ongarri eta pestiziden erabilpenaren ondorioz.

Itoizko urtegia eta Nafarroako ubidea aztertu dituzu. Aldaketa handia izan du inguruneak ureztatze modernoaren ondorioz.
Bai, ekoizpen-modeloak nekazaritza aldatzen du, industria bihurtuz. Lur azalera handiagoetan egiten da lan, ureztatze-sistemak eta makineriak ere aldatu behar dira, inbertsio ekonomiko handia egin behar da, eta ondorioz diru-laguntzak aldatzen dituzte hau posible izan dadin; eta, aldi berean, arlo sozialean antolaketa erak moldatu behar dira (biltegiratzea, salmentak etab.)

Ureztatze modernoak emankortasuna handitzen du, baina inpaktu sozio-ekologiko kaltegarriak dituela diozu. Zeintzuk dira ureztatze modernoaren inpaktu sozialak?
Nekazaritzaren eraldaketa honek nekazari txikia baztertzen du eta bere bizimodua mantentzea oso zail bihurtzen du. Nekazari txikiak, beste nekazariekin konparatuz, ahulagoak dira klimaren gorabeheren eta laborantzako prezio aldaketen aurrean.

Nekazaritza mota desberdinak aztertu dituzu, lurra lantzeko eraren arabera sailkatuak. Zeintzuk dira lau talde horiek? Balioei begira zein ezberdintasun dute?
Oinarrizko lau bizimodu desberdin bereizten ditut: nekazari txiki dibertsifikatuak, eskala ertaineko nekazari organikoak, eta bi gradu ezberdineko nekazari intentsiboak. Honako sailkapena kapital-aktibo eta lur erabileraren intentsitate maila desberdinen konbinaziotik egin dut. Ureztaketa modernoa batik bat nekazari intentsiboek aukeratu dute, merkataritzara zuzendutako ekoizpen argi batekin.

Balioei begira, nekazari intentsiboek beste nekazariek baino balio handiagoa ematen diete kutsadura gordetzeko lurrak duen ahalmenari. Aldi berean, lurrak ematen dituen zerbitzu kulturalei (tradizioak, esaterako) balio gutxiago ematen diete mota honetako nekazariek.

Ureztatzearekin harremana duten erakundeek jokatzen duten papera ere aztertu duzu. Zein da ondorioa?
Ureztaketa modernoa bultzatzen duten erakundeek, teknologia berri hau erabiltzen ez dutenen zaurgarritasuna handitzen dute.

Azken txiotesian parte hartu duzu, zerk bultzatuta? Nolako esperientzia izan da?
Lagun batek esan zidan parte hartzeko eta nahiko fresko nuen defentsa momentu horretan. Egindako lana jende gehiagorengana heldu zitekeela pentsatuz prestatu nituen nire txioak

Zer da zuretzat IkerGaztea izatea? Zer suposatzen du horrek?
Niretzat, motibatzen nauten gaien inguruan gehiago jakitea suposatzen du. Nire ustez, bokazio handia behar da; prozesu luzea izan ohi baita eta hasieran ez baituzu diru asko irabazten (beste lanbide batzuekin konparatuz). Ikerketak herri honetan ez dauka behar duen babesa, eta beraz, bide hori hartzea erabaki baduzu, asko gustatu behar zaizu. Bestalde, gizarte hobea sortzen laguntzen duzula pentsatzen duzu beti. Nire kasuan jende interesgarria ezagutzea ere suposatu du.

txiotesia,elkarrizketa