Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Alzheimerrarekin oroimena ez galtzeko modu bat aurkitu dute

Dokumentuaren akzioak

Alzheimerrarekin oroimena ez galtzeko modu bat aurkitu dute

2016/01/19 - Unibertsitatea.net
Alzheimerrak eragindako oroimen-galera saihesteko mekanismo baten berri eman dute 'Nature Neuroscience' aldizkarian, Ikerbasqueko EHUko talde batek parte hartu du bertan.
Alzheimerrarekin oroimena ez galtzeko modu bat aurkitu dute

Ikerkerta egin duen lantaldea. ARGAZKIA: UPV/EHU

Ikerbasqueko EHUko talde batek Nature Neuroscience aldizkarian argitaratutako ikerketa lan berrian alzheimer gaitzarekin oroimen galera zergatik gertatzen den argitu dute, eta, are gehiago, berau sahiesteko mekanismo batekin egindako froga arrakastatsuen berri ere eman dute.

Zer dela eta galtzen da oroimena?

Neuronak lotura sinaptikoen bitartez komunikatzen dira, eta lotura horietan gertatzen dira neuronen arteko informazio-trukeak. Lotura horiek neuronen aldez aurreko jarduera edo esperientziaren ondorioz modulatzen dira. Plastizitate sinaptikoa deritzon fenomeno hori ikasteko eta gogoratzeko prozesuen oinarrizko mekanismoa da, gizakietan nahiz gainerako animalietan. Alzheimerren gaixotasunean gertatzen den bezalaxe, plastizitate sinaptikoaren alterazioek zailtasunak ekarri ohi dizkio oroitzapenen formazioari, hain zuzen, gaitz honetan, plastizitate sinaptikoa jatorriz tumore-kentzailetzat deskribatu izan den PTEN proteinak alteratzen baitu. Izan ere, gaixotasunaren eragileetako batek, beta-amiloideak, behar baino PTEN gehiago igortzen du sinapsietara, horrela, plastizitate sinaptikoko mekanismoak desorekatuz eta oroimena zailduz.

Egunotan ezagutarazi duten ikerketa honek PTEN proteina sinapsietara nola iristen den deskribatzen du, eta hori eragozteko estrategia bat proposatzen du. 

Oroimena ez galtzeko probak saguekin egin dituzte. Gaitza duten animalia horiei, tresna molekular bat ezarri diete sinapsietara PTEN proteinaren iritsiera oztopatzeko, eta, ondorioz, saguek ez dute oroimena galdu. Diotenez, "animalia ereduekin egindako oinarrizko zientzia-ikerketak diren arren, lan hauek funtzio kognitiboak arautzen dituzten mekanismoetan arakatzen lagundu digute, mekanismo horien akatsak tarteko dituzten gaixotasun mentalei zuzendutako balizko esku-hartze terapeutikoetara hurbilduz".