Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Alazne Ascenso: " Zaila da ikertzaile gaztea izatea, baina formakuntza eta espezializaziorako laguntza asko daude gaur egun"
Erabiltzailearen akzioak

Alazne Ascenso: " Zaila da ikertzaile gaztea izatea, baina formakuntza eta espezializaziorako laguntza asko daude gaur egun"

2015/11/12 - Unibertsitatea.net
Alazne Ascenso Gabiña elkarrizketatu dugu oraingoan, berak "Oinarrizko eskubideen maila anitzeko babesa: atxilotze eta entregatze agindu europarra" izeneko ikerlana aurkeztu zuen IkerGazten. Artziniegakoa da eta Zuzenbidean lizentziatu zen UPV/EHUn, baita unibertsitate berean master bat egin ere, Europar Batasuneko Integrazio Politikoa eta Batasun Ekonomikoaren inguruan.

Zer da ikerlan honetan jorratzen duzuna?

Lan honen bitartez -Oinarrizko eskubideen maila anitzeko babesa: atxilotze eta entregatze agindu europarra-, oinarrizko eskubideak aztertzen ditut Europar Batasunean, batez ere askatasun, segurtasun eta justizia esparruan. Konkretuki, Europar Batasunean eta batez ere Espainian atxilotze eta entregatze agindu europarraren inguruan gauzatu diren kasu bitxienak aztertzen ditut.

 

Zerk motibatu zintuen hori ikertzera?

Betidanik, zuzenbideko ikasketak hasi nituenetik, oinarrizko eskubideak asko gustatu izan zaizkit, gizakiaren oinarria direlako eta edozein pertsonak, pertsona izateagatik dituen eskubideak direlako. Behin masterra hasita, nire zuzendariak, Edorta Cobrerosek, nire gustuak jakinda, gaia proposatu zidan.

 

Lisboako Ituna aipatuaz ematen diozu hasiera ikerlanari. Zertan datza eta zer eragin izan du Europar Batasunean?

Lisboako Ituna aipatzen hasten naiz egin den azken erreforma delako eta gaur egun indarrean dagoena delako. Itun hori 2009an sartu zen indarrean eta Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuna jatorrizko zuzenbide bilakatu zuen, gutunari itunek duten balio juridiko berdina emanez. Hasiera batean, askok goraipatu zuten Europar Batasuneko ordenamendu juridikoan oinarrizko eskubideen katalogo bat edukitzea, baina behin ondo aztertuz bere edukia, berehala konturatzen zara itzal asko daudela eta gehienak konponbiderik gabe geratzen direla.

 

"Norantz doa Justizia Auzitegia?" galdera egiten diozu zure buruari. Zuk zer uste duzu?

Lehenengo eta behin kontuan eduki behar dugu ezin dela Europar Batasuneko Justizia Auzitegia beste edozein sistemetako auzitegiekin parekatu, bakarra da-eta bere arloan.

 

Nik galdera hori egiten diot nire buruari, batez ere, Justizia Auzitegia 60. hamarkadan jaio zen arren, batzuetan ez dagoelako koherentzia gehiegirik bere auzietan, beste batzuetan atzera pauso asko ematen dituelako, eta beste batzuetan, ematen duelako pauso bat aurrera eta bi atzera doala. Norantz doa Justizia Auzitegia? Hori aztertu beharra dago eta horretan gabiltza, konkretuki aztertuz nola aplikatzen duen Justizia Auzitegiak Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuna.

 

Zeintzuk dira ikerketa honetan atera dituzun ondorioak?

Dena ez dela dirudien bezalakoa. Zehazki aztertu behar da dena. Kontuan eduki behar dugu, azken finean, bi sistema juridikoek kirrinkatu egiten dutela beraien artean, Konstituzio Auzitegiak ahal duteneraino heltzen direlako, Justizia Auzitegiari gertatzen zaion modura, beraien eskumenak oso mugatua dituztelako. Oinarrizko eskubideen arloa oso sentibera da eta Europar Batasunak eta Estatu kideek eskuduntzak partekatzen dituzte. Gainera, Justizia Auzitegia oso jeloskor aurkezten da bere eskumenei dagokionez eta ez du nahi bere gainetik beste inor egotea

 

Zein izan da gehien harritu zaituen emaitza?

Emaitzak baino, harritu nauena da Europar Batasuneko sistema bereziari eman behar zaion enkaje juridikoa. Askotan, ez dira emaitzak edo irtenbide zehatzak existitzen, Auzitegi bakoitzak ahal duen erantzuna ematen duelako beraien konpetentzien arabera. Gainera, kontuan eduki behar da Europar Batasuna Estatu kideez osatuta dagoela eta bakoitzak bere interes politikoak eta/edo ekonomikoak dituela eta antolakuntzaren aldetik ezin dela Estatu kideekin parekatu, zeren eta Estatuak botere betearazle, botere judizial eta botere legegilean bananduta daude (teorian gutxienez) eta aldiz Europar Batasunean, adibidez, botere legegilea Kontseilu, Parlamentu eta Batzordearen artean partekatzen da.

 

Zer suposatzen du gaur egun ikertzaile gaztea izateak?

Zaila da ikertzaile gaztea izatea, baina orain dela asko existitzen ez ziren formakuntza eta espezializaziorako laguntza asko daude gaur egun. Laguntzei dagokienez, errepertorio zabala dago, bai predoktoralak, Tesia egiteko, bai postdoktoralak, espezializaziorako.


Gainera, gaur egun, doktorego programa ezberdinak daude eta Unibertsitate desberdinen artean doktoratua egiteko aukerak daude, kotutela erregimenean esaterako. Horietako bat Pau Unibertsitatearen eta EHUren artean egiten den doktorengoa da. Bestalde, Erasmus Mundus programa dago, Europako Batzordeak finantzatua, Europar Batasuneko unibertsitate desberdinetan doktoregoa egiteko aukera ematen duena.


Azkenik, Euskal Autonomi Erkidegoan, Eusko Jaurlaritza ikerketaren sustatzaile nagusiena da, maila predoktoralean zein postdoktaralean. Programa postdoktoral nabarmenenak bi dira: IkerOxford, Oxford Unibertsitateko St. Antony´s Collegera joateko aukera ematen duena eta IkerCamdrige, Cambridge Unibertsitateko Clare Hallera joatea ahalbidetzen duena.

 

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari