Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Alazne Aizpitarte: “Gazte eta nerabeek kontrola jeloskortasunarekin lotzen dute, eta jeloskortasuna benetako maitasunarekin”
Erabiltzailearen akzioak

Alazne Aizpitarte: “Gazte eta nerabeek kontrola jeloskortasunarekin lotzen dute, eta jeloskortasuna benetako maitasunarekin”

2015/03/19 - Unibertsitatea.net
Azpeitiarra da Alazne Aizpitarte eta Psikologiako ikasketak bukatu ondoren, "Familia eta Bikote Terapia" masterra egin zuen. Ondoren, "Bikoteen Arteko Biolentzia" nazioarteko tesia burutu zuen. Gaur egun, nerabe eta gaztetxoen bikoteetan ematen diren bortxa zantzuak ekiditeko ikastaroak ematen dihardu.

Zergatik hartu zenuen parte #Txiotesia2-n?

 

Nire tesi zuzendarietako batek, Itziar Alonso-Arbiol, ezagutzera eman zidan ekimena eta animatu zidan parte hartzera. Euskaldunon artean gure ikerketak ezagutzera emateko oso modu polita eta sormen handikoa iruditu zitzaidan. Esan zidanean, ez nuen gehiegi pentsatu, ekin nion ideiari eta parte-hartu nuen.

 

Zerk motibatu zintuen nerabe eta gazteen arteko harremanen biolentzia jorratzera?

 

Nire bokazio klinikoak. Tesiari ekin nioenean, Bikote eta Familia Terapiako formazio espezializatua amaitzen ari nintzen, eta bikoteen esku-hartzea nuen gustukoen. Horretaz gain, psikologook badugu kolektibo zehatzekin lan egiteko joera, eta nik nerabezaroa dut gustuko. Gainera, benetan gizartera aplikagarritasun zuzena izango zuen zerbait egin nahi nuen, eta benetako bokazioz jarraituko nuena, behin tesi proiektua defendatu ostean.

 

Horren ohikoa al da adin tarte horretan biolentzia jasatea?

 

Ondo definitu behar da adin tarte hauetako bortxaz hitz egiten dugunean, nola kontzeptualizatzen den. Hau da, nerabezaroko bikote harremanetako indarkeria ez du bortxa ikusgarrienak ezaugarritzen, hau da, bortxa fisikoak esaterako. Adin hauetako indarkeria mota oso sotila izan ohi da kasurik gehienetan, eta jokaera kontrolatzaileek, eta familia eta lagunengandik isolatzeko jokaera eta jarrerek ezaugarritzen dute bereziki, esaterako, whatsapp bidezko etengabeko kontrola, bikotearen gako pertsonalak lortzeko tematzea, pertsona zehatzekin ez harremantzeko aginduak, esaterako... Hauetaz gain, jendaurreko umiliazioa ere nahiko ohikoa izaten da. Orokorrean, hauek dira jokaera eta jarrera ohikoenak, hala ere, agertu daiteke bortxa fisikoa ere, baina nire ikerketan behintzat oso oso tasa baxuetan agertu da. Aldiz, jokaera kontrolatzaileak errege dira.

 

Ohikoena inori ezer ez esatea da eta... Zeintzuk dira norbaitek biolentzia jasaten duen ala ez detektatzeko irizpideak?

 

Inori ez esatea baino, helduei ez kontatzea azpimarratuko nuke. Nerabeek beraien egunerokotasuneko portzentajea handi bat beren berdinekin (gelakide eta lagunekin) bikoteei buruz eta amodio kontuetaz hitz egiten pasatzen dute. Elkarrizketa hauetan, horrelako jokaera eta jarrera ugari agertuko dira, baina beraiek ziur aski ez dituzte bortxa edo koertzio indiziotzat ikusten, bikote harremanetan eman ohi diren gauza ohikoak direnaren ustea izan ohi baitute askok eta askok. Are gehiago, jokaera asko bortxa indiziotzat ezean, maitasunaren seinale bezala pertzibituz.

 

Beraz, nerabeen eta gazteen kolektiboaren gehiengoa baldin badago kutsatua pentsamendu eskema hauekin, ez dute inon arazorik ikusiko, kolperik, zaplaztekorik edota mota honetako bortxa fisikorik agertzen ez den bitartean. Hori ikusten dut nik benetako arazoa.

Gehiegizko kontrola al dute egungo bikote gazteek elkarrekiko?

 

Bai. Eta aurretik aipatu dudan bezala, arazoa ez da hainbeste kontrola ematea, baizik eta kontrol horren onarpena, horrek egiten baitu kontrol hori harremaneko parte normaltzat ikustea, inplikatzen dituen ondorio guztiekin. Maitasunaren seinale ikusten dituzten jokaerak, bat-batean bortxa indiziotzat hartzeak eskema aldaketa bortitza suposatzen du, eta lan asko egin beharra dago ildo honetatik.

 

Zerk eragiten duela uste duzu? Norbere buruarekiko segurtasun ezak agian?

 

Kontrol jokaera hauek zeloek probokatuak dira hein handi batean, eta zeloak segurtasun ezarekin lotura handia du bai. Kontuan izan behar dugu ere, nerabezaroa, garapen aldi oso ezegonkorra dela, beraien identitatearen bilakuntzan dabiltzala, eta besteen beraiekiko iritziak pisu handia hartzen duela. Adin tarte honetan gainera, oso ohikoak dira autoestimuan eta autokontzeptuan gertatu ohi diren gorabeherak. Guzti honi, kontrolaren onarpena gehitzen badiogu, dinamika ez osasuntsuak ezartzeko probabilitatea areagotzeak ez dirudi arraroa.

 

Sare sozialek gure egunerokoan eragin duen “orojakile” izateko posibilitate horrek ez du lagundu, ezta? Txek bikoitza, konexioaren azken ordua... Zer deritzozu?

 

Kontrolatzeko bide oso eskuragarria dela beraientzat, oso eskura dutena uneoro, eta beraien artean oso normalizatua. Ez du laguntzen ez, baina argi utzi nahiko nuke baita ere, nire ustez ez direla eragileak. Kontrola, umiliazioa eta beste hainbat joeraren zergatia norbanakoarengan dago, ez teknologia berrien efektuan. Nerabe eta gazte guztiek erabiltzen dituzte teknologia berriak, baina bakarrik batzuek ezartzen dituzte gatazkan oinarritutako harremanak, eta bakarrik batzuek erabiltzen dute whatsappa eta mugikorra bikotea kontrolatzeko edota bikotea akuilatzeko, esaterako. Teknologia berriak eragile izango balira, modu transbersal batean gertatu beharko luke fenomenoak.

 

Zergatik nahasten da kontrola maitasunarekin?

 

Amodioaren eta bikote harreman batek izan behar duenaren kontzepzio okerra dutelako. Kontrola jeloskortasunarekin lotzen dute, eta jeloskortasuna benetako maitasunarekin. Are gehiago, jelosia adierazpenik ez bada agertzen, haserretzera iristen dira. Askotan frogan ere jartzen dituzte bikoteak, jeloskor jartzen diren ikusteko, hori baita beraientzat benetako maitasunaren seinale.

 

Nola aldatu daitezke joera horiek? Nola irakatsi nerabe eta gazteei elkar inongo kontrol edo biolentziarik gabe maitatzen?

 

Etorkizuneko gakoa prebentzio goiztiarra da. Batetik, familiak filtratu beharko ditu ingurunetik jasotako erreferente ez osasuntsuak (telebistako programa ugarik amodioaren inguruko mezu okerrak, gatazkan zentratuak luzatzen baitituzte) eta beren seme-alabei hausnartuarazi ikusten dutenaren inguruan. Bestetik, hezkuntza zentroek ere paper garrantzitsua dute. Gai hauek guztiak landuko dituzten iniziatibak eta eskusartzeak martxan jartzen. Eta askoz hobe, bikote harremanen esperientzian murgildu aurretik esku-hartzen bada.

 

Bestalde, instituzioek eta komunitate zerbitzuek kontzientziazio kanpainak, formazio planak eta bestelako ekimenak bultzatzea funtsezko papera izango dute baita ere. Fenomeno horren konplexua izanik sistema osoko agenteen parte-hartzea beharko da, zalantzarik gabe.

 

Gauzak aldatzen ari dira ala oraindik ere bide asko dago egiteko?

 

Uste dut bide asko dagoela egiteko, bereziki alor sozio-emozionalean. Berdintasunaren alorretik bideratzen ari diren iniziatibek jarraitu behar dute, eta era berean konplimentatu behar dira ikuspegi askoz integralago batekin, emozioetan, gatazken ebazpenean, amodioaren eta bikote harremanen inguruko pentsamolde eskemetan zentratutako eskusartze ikuspegi batekin. Maila nazionaleko azken ikerketek diote matxismoaren mailak jeitsi direla, baina bikote harremanetako bortxa areagotzen ari dela. Eta honek hausnartzera eraman beharko gintuzke zein bide jarraitu beharko genukeenaren inguruan. Hau da, zer egin dugu orain arte funtzionatu duena? Eta zer falta da egiteko?

 

Etorkizunera begira, ze asmo duzu?

 

Nire asmoa edo benetako gogoa behintzat, nire bokazioari jarraiki, gai honetan murgilduta jarraitzea da, bai ikerketa alorretik, bai formazioa eta klinika konbinatuz posible bada.

 

“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”

#KzJaia Kultura zientifikoa

 

 

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari