Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Aitzol Astigarraga: “Bertsotan egiteko gaitasuna erakutsiko duen robot autonomoa garatzea da nire erronka”

Dokumentuaren akzioak

Aitzol Astigarraga: “Bertsotan egiteko gaitasuna erakutsiko duen robot autonomoa garatzea da nire erronka”

2016/02/05 - Unibertsitatea.net
Aitzol Astigarraga Pagoaga, 1976. urtean jaio zen Mutrikun. Informatika ingeniaritzako ikasketak amaitu ondoren, Bigarren Hezkuntzan aritu zen lanean hamar urtez; hala ere ez zuen eten unibertsitatearekin zuen hartu-emana, izan ere, Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa Taldeko (RSAIT, UPV/EHU) kidea baita. Hori dela eta, robotika mugikorraren eta programazioaren inguruko artikuluak idatzi izan ditu. Halaber, gaur egun, gustuko dituen bi eremu uztartzen ari da bere doktorego-tesian: robotika mugikorra eta bertsolaritza.

Zer dela eta aukeratu zenuen "Hasi, BertsoBot" gaia?

2012ko apirilean robot eta bertsolarien arteko saio bat antolatu genuen, jolas gisa, gure ikerketa-lanen (IXA, Aholab eta RSAIT) berri emateko helburuarekin. Baina konturatu ginen oholtza gainean elementu interesgarri asko jarri genituela martxan, robotikaren ikerketarako ere baliagarriak zirenak. Eta, ikerketa-ildo gisa, BertsoBot proiektua abiatu genuen.

Ordutik hona horixe izan da nire ikerketa-proiektua, bertsotan egiteko gaitasuna erakutsiko duen robot autonomoa garatzea.

Zer da BertsoBot eta, zehazki, zer egiten du?

BertsoBot, bertsotan egiteko gaitasuna daukan robot autonomoa da. Bere egitekoa, bertsoa osatzeko instrukzioak ahoz jaso, hauek prozesatu eta ahalik eta bertsorik egokiena osatu eta kantatzea litzateke, gorputzarekin bertsolarien oholtza gaineko adierazkortasun maila erakutsiz.

Inguruan jende askok galdetu izan digu, baina zergatik bertsolaria? Bertsoa aipatzean burura datozkigu berehala jolasa, inprobisazioa eta hizkuntza. Robota aipatuz gero, berriz, errazago lotuko genuke lana, errepikapena eta makina bezalako terminoekin. Beraz, robot-bertsolari adierazpenak kontraesana dirudi bere horretan, oximorona.

Guri, bertsolariak testuinguruaz egiten duen erabilera interesatzen zaigu bereziki; giroa, jendearen erantzuna, nola baliatzen dituen bertsoek publikoarengan eragiteko. Robotika mugikorrean ere kognizioak, ingurunea hautemateko gaitasunak, berebiziko garrantzia dauka unean-uneko gertaerei egoki erantzun ahal izateko.

Hortik abiatuta, ikerketa-proiektuaren ekarpen nagusia, robotak unean-uneko egoera atzeman eta interpretatzeko daukan gaitasuna bat-bateko mezuen (bertsoak) sorkuntzan aplikatzeko ahaleginean legoke.

Beraz, etorkizunean, bertsolariak eta robotak ezagutuko al ditugu parez pare bertso saioetan?

Ez, ez, oso garbi daukat ezetz. Ikusiko ditugu elkarrekin oholtzan, baina parez-pare bertsotan ez. Analogia egitearren, txoria eta hegazkina konparatzea litzateke. Biek egiten dute hegan, ados, baina printzipio ezberdinak dituzte eta, batez ere, helburu edo funtzio erabat ezberdinak. Berdin gure kasuan ere.

Datozen urteetan aurrerapen handiak izango dira robotikan, hizketa-bidez komunikatu ahal izango gara (bere mugekin, noski) eta robotek gaitasun harrigarriak erakutsiko dituzte pertzepzio eta akzioan. Baina giza-adimena behar luke robotak bertsotan egiteko, eta hori oraindik urrun, oso urrun ikusten dut nik.

Gizaki-robot arteko komunikazioan, lortu al da gizakiok esandakoa robotek ulertzea? Baita erritmoa, bizitasuna, tonua... jasotzea?

Bai baina... bere mugekin. Dagoeneko hizketa ulertzen duten telefonoak dauzkagu poltsikoetan, agindu zehatzak interpretatzeko gai direnak (baita euskaraz ere!). Agindu konkretuetatik harago, hizketan jarraian, asko konplikatzen da kontua. Diskurtsoa maneiatzeko teknikak badaude (ideia nagusiak atera, ordenatu...) baina robotetan eta denbora errealen ez dut oraindik neuk ezer ikusi. Erritmoa, tonua, bizitasuna ere jasotzen eta interpretatzen da. Sentimenduen analisia da hori. Zailena, elementu horiek guztiak gailu bakarrean, robotean, integratu eta denbora errealean funtzionaraztea da. Hor dago koska.

Ikusmen artifizialaren bidez aurpegiak identifikatu, espresioak ezagutu edo erreakzioak ezagutzea ere posible da?

Bai, bada. Baina aurrez esan bezala, erronka gaitasun horiek guztiak (hizketaren ulermena, ahotsaren eta aurpegieraren interpretazioa) robotean integratu eta bere erantzun gaitasunean (mezuan, bere espresioan) txertatzean datza.

Aisialdian era ludikoan erabiltzeaz gain, zertarako baliatuko ditugu adimen artifizialdun robotak?

Gure inguru hurbilean dagoeneko baliatzen ditugu. Adibidez, Eureka museoan edo Informatika fakultatean gida-lanak egiten dituzten robotak dauzkagu. Poliklinikak Da Vinci robota dauka prostata-minbiziko ebakuntzetan laguntzeko. Gure etxe askotan Roomba robota topa dezakegu, oinarrizko AA tekniken bidez etxea garbitzeko estrategiak inplementatzen dituena.

Gure hurrengo urteetako erronka, hizketa-bidezko komunikazioan aurrera egitea izango da, erabilpenak esparru berrietara zabaltzeko: zahar edo ezinduen zaintza eta asistentzia aktiboa, errehabilitazioa, tutore adimendunak eta abar.

Zeintzuk dira ikerketa honen ondorio nagusiak edota etorkizuneko ikerketa-lerroak?

Arnasa luzeko proiektua da gurea. Orain arteko ekarpenak izan dira, batetik, bertsoen testu-sorkuntzarako garatutako moduluak eta, bestetik, robot-gizaki arteko euskara hutsezko elkarrekintza sistema robotean txertatzea.

Aurrera begira, ondoko hobekuntzetan gabiltza buru-belarri:

  • Bertsoen balio semantikoa neurtzeko eredu berriak.
  • Publikoaren erreakzioa jaso (txalo edo txistu) eta horren baitan bertsoaren mezua osatu.
  • Ahots eta irudi bidez, oholtza gaineko kideak identifikatu eta kokapena zehaztu: gai-jartzailea, kantu-laguna, publikoa.
  • Kinect bidez, robotari portaera berriak irakatsi.

 

Zer da zuretzako ikertzaile gaztea izatea?

Beno, gaztea ez naiz dagoeneko! Bidea egiten ari den ikerlaria, bai. Niretzat, momentuan, gustuko ditudan eremuetan aztarka ibiltzeko aukera da ikerketa. Ikasten ari naiz tesi batek eskatzen duen marko akademikoan nola mugitu: azterketa eta garapen lanak, artikuluak, dibulgazio lana...