Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Aitor Manteca: “Genetika eta biologia molekularrari esker duela 300 milioi urteko animalien proteinak berpizteko gai gara gure laborategian”

Dokumentuaren akzioak

Aitor Manteca: “Genetika eta biologia molekularrari esker duela 300 milioi urteko animalien proteinak berpizteko gai gara gure laborategian”

2015/04/16 - Unibertsitatea.net
Aitor Manteca Errenteriakoa da eta Materialen Ingeniaritza ikasi zuen. Herbehereetan urte beteko praktikak egin ostean, Euskal Herrira itzuli eta I+G alorrean egon da lanean hiru urtez. Duela bi urtetatik ordea, CIC nanoGUNEn dihardu doktoretza egiten. “Eboluzio Molekularra: analisi nanomekanikoa eta aplikazio bioteknologikoak” du izena egiten ari den dokotoretza-tesiak.

Zerk bultzatu zintuen #Txiotesia2n parte hartzera?

Nire lanari ikusgarritasuna emateko aukera ona iruditu zitzaidan.

Nolatan erabaki zenuen eboluzio molekularra aztertzea? Zerk motibatuta?

Nahiz eta ingeniaritza ikasi, betidanik gustatu izan zait biologia eta nanoGUNEn biologiarekin erlazionatutako tesi bat egiteko aukera ikusi nuenean ez nuen duda izpirik izan.

Titina gihar proteinaz txiokatu zenuen #Txiotesia2n, kontaiguzu zertan datzan.

Titina animalia guztiek giharretan duten proteina elastikoa da. Nahiz eta duela urte asko ezagutzen den oraindik oso gutxi dakigu hari buruz. Propietate elastiko harrigarriak ditu eta nerbio eta giharren arteko seinale transdukzioan parte hartzen du. Honengatik guztiagatik titinaren eboluzio molekularra aztertzea oso garrantzitsua da bere propietateak ulertzen saiatzeko.

Ze ondorio atera zenituen giharren inguruan?

Oraindik oso goiz da baina titinaren eboluzioak elastikotasun handiago baterako joera izan duela pentsatzen dugu.

#Txiotesia2n mezu bakoitza pelikula batekin alderatu zenuen, nola bururatu zitzaizun?

Betidanik gustatu izan zait zinema eta nire tesia azaltzeko ideia ona iruditu zitzaidan honen mugarriak pelikulekin konparatzea.

Eta zehazki, Jurassic Parkekin egindako horrek ze lotura dauka?

Genetika eta biologia molekularrari esker duela 300 milioi urteko animalien proteinak berpizteko gai gara gure laborategian. Hau nolabait Jurassic Parkeko argumentuarekin bat dator, ez?

Animalien morfologian eraginak izan ditzakeela aipatu zenuen lehiaketan, zeintzuk dira horiek?

Uste dugu eztanda kanbriarrean (non, geologikoki hitz eginez, urte gutxiren buruan espezie kopurua esponentzialki biderkatu zen gaur egungo tamaina eta morfologia desberdineko milaka espezietara iritsiz) titinaren eboluzioak eragina izan duela tamaina desberdineko animalien titinak alderatzerako orduan ezberdintasun nabariak ikusten baititugu.

Nola ikusten duzu egungo euskarazko ikerketaren egoera?

Duela urte batzuk baino askoz ere hobe, baina oraindik bide luzea gelditzen zaigu normalizaziora iristeko.

Etorkizunera begira, ze asmo darabilzu buruan?

Lehenik eta behin tesia amaitu. Gero gerokoak...

txiotesia,elkarrizketa