Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Aitaren batean, klik

Dokumentuaren akzioak

Aitaren batean, klik

2006/11/29 - Xabier Isasi
Interneteko amaraunean espazioa eta denbora murriztu dira, Baionatik Bilboraino aitaren batean gaude, klik batean. Klik. Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) Euskal Herriko unibertsitate guztiak klik beteko distantzian ipini ditu. Klik eta Mondragon Unibertsitatetik Nafarroako Unibertsitatera gatoz; klik eta Zuberoko etxe-kide berria aurkitu dugu Donostiako etxe garestien gastuak partitzeko; klik eta esku bihurri batek Otarrean utzitako gure irakaslearen apunteak eskuratu ditugu. Klik, klik, …, klik.

Klik. Jakina denez, UEUren xede nagusia Euskal Unibertsitatea da, euskaldun guztion unibertsitatea, alegia. Urteak joan, urteak jin, gero eta unibertsitario euskaldun gehiago, gero eta unibertsitate gehiago, gero eta titulazio gehiago, gero eta ikasketa mota gehiago, gero eta hizkuntza gehiago, … Baina gehiago izateak ez dakar, berez, dena hobea denik. Ugari eta ona, sarri askotan ez datoz bat. Edozein kasutan, zenbat eta aukera gehiago izan orduan eta irizpide gehiago izaten dugu hautatzeko. Hautatzeko giltzarria, ostera, informazio zabala, osoa izango balitz hobe, zuzena, argia, bizkorra eta eskuragarria izatea da. Eta, klik. UEUk unibertsitario euskaldunen esku jarri du beste inork ez daukan lanabesa: unibertsitario euskaldunen web gune integrala.
Klik. unibertsitate.net web gunean zerbitzu batzuk aurki daitezke, bai, oso erabilgarriak eta errazak ere bai. Baina hori baino garrantzitsuagoa da lehenbizikoz Euskal Herriko unibertsitate guztiak, publiko, pribatu zein konfesional izanda elkarren ondoan ikustea da.
Klik. UEU sortu zenean (1973) Euskal Herrian hiruzpalau unibertsitate, titulazio apur batzuk eta milaka unibertsitario bakan batzuk besterik ez zeuden. Gaurko egoera, zorionez, oso bestelakoa da. Unibertsitate gehiago dago, titulu eskaintza nahiko zabala da eta askoz unibertsitario gehiago dago orain dela berrogei urte baino. Euskarak ere, bere bidea egin du unibertsitateetako gela eta laborategietan, ez guk nahiko genukeen bezainbeste, ez hizkuntza normalizatua izateko adina. Baina ari gara. Klik eta klik.
Klik. Kontua da euskarak unibertsitatea behar-beharrezkoa duela irauteko, bizitzeko eta biziberritzeko. Euskaldunok behar dugu-eta. Nonbait bada, hizkuntzaren gune berritzailea, termino berrien sortzailea, goi-mailako hiztunen biltokia, hori, berez, unibertsitatea da. Ez da alferrik esaten unibertsitatea ezagumenduaren jendartearen zutarrietako bat dela. Unibertsitatea hizkuntzarekiko dena ingudea burdinarekiko halakoxea da. Unibertsitatean hizkuntza landu, zorroztu, itxuraldatu eta erabilerarako prestatzen da, goi-mailako erabilerarako, hain zuzen ere. Klok.
Klik. Dagoenekoz, irakasle eta ikertzaile ehunka batzuk dira eta ikasle euskaldunak, guztira, hamar milatik gora. Unibertsitateetako campusek hiriak eta herriak eraldatu eta biziberritzen dute. Langabetuen fabrika, inoiz izan bada, izateari utzi dio unibertsitateak, gaur egun topa-gune eta aukera berrien ataria da. Jendartearen berrikuntzarako eragile nagusia da unibertsitatea. Klik?
Klik-klik. Baina ez gatoz unibertsitatearen gorazarre hutsala egiten. Izatez, unibertsitateak euskaldunekiko egin duen lanaz nahiko kritikoak gara-eta. Eta egin ez duenaz are kritikoago, jakina. Edozelan ere, guri lagundu bai, zein lagundu ez, euskararen biziraupena gure erantzukizuna dela barneratu dugu. Biziko bada, gure bizkar biziko da euskara. Blink!
Klik-klak, klak-klik,… UEUk sekulako lana egin izan du azken hogeita hamalau urte hauetan. Kilin-kalan batzutan, kili-kili sarri eta kili-kolo lantzean behin, baina tinko. Gogorra, astuna, nekosoa baina, halere, errazena egin du. Zailena, berriz, komunitate unibertsitario euskaldunak egin behar du. Kliiiiik!! Unibertsitario euskaldunek, eta euskaldun guztiek, oro har, UEUk eta bestelako eragileek sortutako tresnak erabili behar dituzte. Nola idazleak dakien alferrikakoa dela libururik irakurlerik gabe, hala dakigun alferrikakoa dela unibertsitario euskaldunen bil(web)gunerik erabiltzaile barik. Kilimiliklik!
Klik. Erraza da oso; zure bilatzailean unibertsitate.net eskatu, bertan klikatu eta komunitate unibertsitario euskaldunaren atarian sartuko zara. Hizkuntza zaharrenetakoa darabilen komunitate berri-berria bizi da bertan. Lotsarik gabe atea jo eta barrura sartu, ziztu bizian gura baduzu. Arakatu otarrean zerbait interesgarri aurkitzen duzun, edo, baldin baduzu, zerbait laga bertan. Osteratxo egin zenezakeen auzoko unibertsitateetatik edo blog-eroen berba-jarioetan murgildu. Dzanga!
Klik. Ataria, etxearen sarrera nagusia, auzo guztien etxeratzeko pasabide ezinbestekoa. Unibertsitario euskaldunen ataria euren, gure, etxeko sarrera nagusia izan dadila nahi genuke. Baina ataria ez da helmuga, abiapuntua baizik, sarrera da-eta. Xedea komunitatea egitea da. Guztion artean egiteko zerbait, ataritik barrena eskailerak, igogailua, karrejoak, argiak eta abarrekoak ipintzeko daude. Lanabes eta prestakuntza gehiago jarriko dira unibertsitario euskaldunen ataritik barrena. Baina hori guztia komunitate osoaren ekimenetik etorriko dira. Unibertsitario euskaldunen komunitatea klik batean. Garaia zen, orain, aitaren batean. Klik eta kito.

Xabier Isasi Balanzategi
UEUko kidea eta EHUko irakaslea