Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Ainara Larrea: “Hezkuntza arloan eta baita osasun arloan ere euskararen egoera asko hobetzea espero dut”

Dokumentuaren akzioak

Ainara Larrea: “Hezkuntza arloan eta baita osasun arloan ere euskararen egoera asko hobetzea espero dut”

2012/06/21 - unibertsitatea.net
Ainara Larrea 24 urteko gaztea da. 2005ean medikuntza ikasketak egiten hasi eta 2011an bukatu zituen. Gaur egun Lleidan dago "Ginekologia eta Obstetrizia" espezialitatea egiten.

Ainara Larrea 24 urteko gaztea da. 2005ean medikuntza ikasketak egiten hasi zen EHUn, Leioako fakultatean, eta 2011an bukatu. Ikasketak amaituta, medikuntzan lizentziatua zen, baina arloren batean espezializatu nahi zen. Horretarako, MIR azterketara aurkeztu zen. Aukeran zituen plazen artean, ginekologia eta obstetrizia zen gehien interesatzen zitzaiona. Plaza Lleidan zen, beraz , gaur egun bertan dago gustukoen duena egiten.

 

Zergatik aukeratu zenuen egindako karrera? Noiz piztu zitzaizun medikuntzarako zirrara? Zergatik mediku eta ez erizain adibidez? Oroitzen zara zure aukeraren arrazoiaz?

Batxilergoa ikasten hasi nintzenean, ez neukan batere argi medikuntza egingo nuenik, arlo teknologikoa ere asko gustatzen zitzaidalako. Baina azkenean zientzien arlotik egin nuen aurrera eta osasun arloa aukeratu nuen. Erizain ikasketetan ez nuen pentsatu, agian fisioterapia edo odontologian bai, baina azkenean medikuntza ikastea erabaki nuen, eta momentuz ez naiz damutu!

 

Ikasketak asterakoan imajinatutakoa topatu zenuen? Espero zenuenaren berdina izan zen unibertsitatea? Zer bota zenuen faltan?

Ez neukan unibertsitatea nolakoa izango zen batere ideiarik, eta bertara heldu nintzen lehenengo egunean, gelan geunden ikasle kopurua izan zen gehien harritu ninduena. Egunak aurrera joan ahala, “batxilergoko girotik” zerikusirik ez zuela konturatu nintzen. Oso inpertsonala egin zitzaidan unibertsitatea. Irakasleekin kontaktua oso txikia zen normalean, bakoitza gelara etorri eta bere gaia azaltzeaz soilik arduratzen baitzen. Horrez gain, nire kasuan, faltan gehien bota dudana praktikak izan dira, oso ikasketa teorikoa da medikuntza, eta etorkizun baterako praktikak egitea oso garrantzitsua da. Lehen 3 urteak Leioako fakultatean egiten dira, beraz, pazienteekin ez dago batere kontakturik. Ondorengo 3 urteak ospitale unibertsitario batean egiten dira, nire kasuan Basurtuko ospitalean. Bertan hasi ginen pazienteekin kontaktua izaten, baina ordutegiko praktika kopurua askotan ez zen betetzen.

 

Gaur egun, gero eta karrera gehiago euskaraz egiteko aukera dago. Hala ere, zenbait ikasgai eta material euskaratu gabe daude. Zure kasuan halakorik gertatu zen?

Nik medikuntza ikasi nuenean, lehenengo hiru urteak euskaraz egiteko aukera izan nuen. Gehienbat irakasleek klasean emandako apunteez baliatzen ginen, euskaraz ez baitago liburu askorik argitaratuta. Baten bat aipatzekotan Patologia Orokorrekoa esango nuke, agian gehien erabili genuelako. Baina beste irakasgaietan, guk euskaraz hartutako apunteak erabiltzen genituen. Batzuetan lan hau ez zen batere erraza izaten, irakasle batzuen euskara maila eskasagatik.

 

Hizkuntza, zerbait ikasterako orduan, oztopoa izan daitekeela uste duzu? Egin nahi duzunaren aukeraketa baldintzatu al dezake? Zure kasua berezia da Lleidara joan zarelako espezialitatea egitera. Bertako hizkuntza, katalana, euskara baino ezarriagoa dago hezkuntza arloan. Euskararen kasuan, etorkizunean egoera hobetuko dela uste duzu?

Neurri batean, hizkuntza oztopo izan daiteke, zerbait ikasteko lehenengo hizkuntza menperatu egin behar delako. Nire kasua adibide bat izan daiteke, askoz errazago ikasi dut euskaraz, orain katalanez baino. Baina hizkuntzak ez du nire aukera baldintzatu, ikasi nahi dudana egitera etorri naiz, eta horrez gain katalana ikasiko dut, nire ikasketetan hizkuntza oztopo izan ez dadin.

Bestalde, hezkuntza arloan eta baita osasun arloan ere euskararen egoera asko hobetzea espero dut. Lleidan katalana oso ezarrita dago, jendeak edozein esparrutan katalanez komunikatzeko arazorik ez du. Ospitalean mediku guztiek ez dute katalanez hitz egiten, baina guztiek ulertzen dute, gainera, Euskal Herrian ez bezala, informe ia gehienak katalanez egiten dira. Pozgarria izango litzateke momenturen batean egoera honetara heltzea.

 

Medikuntza karrera bukatu eta orain “Ginekologia eta obstetrizia” espezialitatea prestatzen zabiltza eta mediku erresidentzia egiten. Etorkizunean zer egitea gustatuko litzaizuke? Ideiaren bat duzu?

Lehenengo lau urteko espezialitatea amaitu nahiko nuke Lleidan, eta gero espezializatutako arlo honetan lan egin. Ahal izanez gero Euskal Herrira bueltatu nahiko nuke, baina lau urte barru erabaki beharko dut, eta erabakia lan egoera nola dagoenaren araberakoa izango dela uste dut!