Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Aerosorgailu handienek ekoizten duten energia sare elektrikoan sartzeko bihurgailu elektronikoa

Dokumentuaren akzioak

Aerosorgailu handienek ekoizten duten energia sare elektrikoan sartzeko bihurgailu elektronikoa

2017/11/07 - unibertsitatea.net
Eduardo Burguete Archel (Iruñea, 1986) industria ingeniariak Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztutako tesian bihurgailuaren potentzia handiagotzeko maila anitzeko bihurgailuak proposatzen ditu, transistoreek azkarrago kommutatzeko, eta horrela, galerak txikiagotzeko.
 Aerosorgailu handienek ekoizten duten energia sare elektrikoan sartzeko bihurgailu elektronikoa

Argazkia:NUP

Eduardo Burguete Archel (Iruñea, 1986) industria ingeniariak aerosorgailu handienek (6,6 kilovoltera artekoak) ekoizten duten energia sare elektrikoan sartzeko aukera ematen duen bihurgailu elektroniko mota bat diseinatu du. Gailu hauek energia galerak murritzen dituzte, eta potentzia handiagoarekin lan egiteko aukera ematen dute; adibidez, itsaso zabalean ezartzen diren errotek duten potentziarekin. Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztu du tesia eta bikain "cum laude" lortu du.

Aerosorgailuen potentzia gero eta handiagoa da, eta gero eta potentzia handiagoa duten erroten proiektuak egiten dira, batez ere itsaso zabalerako. Orain arte lehorrean jartzen izan diren aerosorgailuek 0,6 kilovolteko tentsioarekin lan egiten dute, baina itsasoan 3,3 kilovolterainokoak jartzen ari dira dagoeneko.

Aerosorgailu hauek haizearen energia zinetikoa energia mekaniko bihurtzen dute, helize baten bidez eta baita energia elektriko ere, alternadore bati esker. "Energia hori sare elektrikoan sartu ahal izateko, beharrezkoa da bihurgailu elektronikoen bidez eraldatzea, korrontearen uhin-forma egokitzen baitute. Transistoreek osatzen dituzte bihurgailu hauek. Transistoreak tentsio eta korronte muga bat daukaten gailu erdieroaleak dira" Burgueteren hitzetan.

Aerosorgailuen potentzia handiagotzean, transistoreek ezin dute potentzia hori guztia bihurtu, tentsio eta korronte mugak direla eta. Bihurgailuaren potentzia handiagotzeko, erdieroaleen paralelizazioa eta serializazioa erabili dira. Bi prozesuok mugak eta potentzia galerak dauzkate.

Horregatik, hirugarren aukera bat da maila anitzeko bihurgailuak izenekoak erabiltzea da. Hauek hainbat transistorek osatzen dituzten egiturak dira, lan-tentsioa handiagotzea lortzen dutenak (eta galerak murrizten dituzte), eta ziurtatzen dutenak transistoreek blokeatu behar duten tentsio hori (eta ez handiago bat) blokeatzen dutela. Gainera, bihurgailu hauek korronte-iragazpen txikiagoa behar dute, sare elektrikoan txertatzeko.

Burguetek bost mailatako bihurgailuak proposatzen ditu, kondentsadore handi bat edo bi dauzkatenak, baita beste lau txiki ere, fase bakoitzeko. “Eredu hauen berrikuntza nagusia kondentsadore txiki hauek dira, transistoreen serializazioa galarazten baitute, eta tentsioa euren artean banatuko dela ziurtatzen baitute, eta gainera transistoreak piztu eta amatatzean agertzen diren gaintentsioak txikiagotzen baitituzte. Kondentsadore txiki hauek aukera ematen dute transistoreek azkarrago kommutatzeko, eta horrela, galerak txikiagotzeko, eta bihurgailuak korronte handiagoarekin, eta beraz potentzia handiagoarekin, lan egin ahal izateko.

Proposatutako bihurgailuak simulazioaren bidez probatu ziren. Eskalako prototipo bat eraiki zen, ongi funtzionatzen ote zuen ikusteko eta bere abantailak egiaztatzeko. Burgueten esanetan, “emaitzek erakutsi zuten bihurgailu hauek txikiagotzen ahal dutela transistoreek, amatatzean, jasaten duten tentsio-estresa, eta horrela galerak txikiagotzen direla, edo eraldatzen den energia handiagotzen dela, eta gainera ez da beharrezkoa elementu osagarririk transistoreen blokeo-tentsioaren banaketa ziurtatzeko".