Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Adineko pertsonek jasaten duten hauskortasun sindromea diagnostikatzeko tresna berria

Dokumentuaren akzioak

Adineko pertsonek jasaten duten hauskortasun sindromea diagnostikatzeko tresna berria

2016/02/02 - Idoia
Nafarroako Unibertsitate Publikoan diseinatutako tresna berri batek hauskortasun sindromearen diagnostikoa hobetzen lagunduko du.
Adineko pertsonek jasaten duten hauskortasun sindromea diagnostikatzeko tresna berria

Nora Millor Muruzabal ingeniaria. ARGAZKIA: NUP

Nora Millor Muruzábal (Iruñea, 1983) telekomunikazio ingeniariak hauskortasun sindromea neurtzeko tresna berri bat diseinatu du. Tresna horren bidez, diagnostikoa hobetzeko datu objektibo eta kuantifikagarriak batzeko aukera izango da aurrerantzean. Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztu duen doktoretza-tesian landu du gaia eta teknologia berritzailea baliatu du adineko pertsonei eragiten dien sindromea aztertzeko: sentsore inertzialak.

Nora Millorren hitzetan, “Adineko populazioaren osasun egoera neurtzeko, adituek esaten dute funtzioen arabera egin behar dela eta ez gaixotasunaren arabera. Hala, desgaitasuna edo mendekotasuna garatu baino lehenagoko gaitasun funtzionala ezagutzea giltzarria da, ondorioak arintzeko”. Bide horretan urratsak emanda, hauskortasun sindromea aztertu du geriatrian gaixoen egoera neurtzeko erabiltzen den probetako batean oinarrituta, hau da, aulkiko 30 segundoen testa baliatuta. Aulki batetik altxatzea eskakizun mekaniko eta muskular handiena eragiten duen jardueretako bat dela dio ikertzaileak eta adineko populazioaren parte batek zailtasun handiak dituela aulkitik altxatzeko. Beraz, testaren bidez, hogeita hamar segundoko epean pertsona bat aulkian zenbat aldiz altxa eta eser daitekeen neurtzen da.

Neurketa hori egiteko sentsore inertzialak erabili ditu, modu ez inbaditzaile, eramangarri eta ekonomikoan mugimendu bat nola egin den esaten duen informazioa eskaintzeko gai direlako; baina zer informazio jasotzen da prozesu honetan? Azelerazioa (mugimendua zein abiaduratan aldatzen den) eta abiadura angeluarra (zein abiaduratan egiten den biraketa bat).

Sentsore inertzialek emandako seinaleen analisiaren bidez parametro berriak zehaztu ditu Nora Millorrek, eta horien bidez langile klinikoek neurri objektibo eta kuantifikagarri batzuk eskuratzeko aukera izango dute, horiekin diagnostikoak egiteko. Era berean, “Etorkizunean, emaitzak tresna lagunkoi batean, hala nola aplikazio mugikor batean, sartzeko aukera" egon litekeela aurreikusi du Millorrek.