Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian 65.000 hautagai 1.493 lanpostuetarako

Dokumentuaren akzioak

65.000 hautagai 1.493 lanpostuetarako

2012/06/15 - unibertsitatea.net
Osakidetzako eta Hezkuntza Saileko Lan Eskaintza Publikorako plaza lortzeko azterketak hasten dira gaur Bilbao Exhibition Centerren.

Osakidetzako eta Hezkuntza Saileko Lan Eskaintza Publikoak 69.712 hautagai bilduko ditu gaurtik igandera arte Barakaldoko Bilbao Exhibition Centerren. Hautagai gehienek, 64.908k, Osakidetzako lanpostuetarako egingo dute azterketa, eta gainontzeko 4.804k, berriz, Hezkuntzakoa. Hautagai kopuru altua eskainiko diren plaza kopururako. Izan ere, Osakidetzan sartzeko 1.493 lanpostu baino ez daude, eta Hezkuntzan, ordea, 531.

Lehen azterketak gaur arratsaldean egingo dira, administrazio lanpostuetarako hain zuzen. 30 postu eskainiko dira eta hautagai kopurua 4.693koa da. Probak BECeko hiru pabiloitan egingo dira; guztira, 50.000 metro koadroko eremua izango dute hautagaiek (17.000 aulki, 16 kilometro luzeko mahai-oholak, 120.000 azterketa-orri eta 72.000 koaderno). Osakidetzak 400 langile izendatu ditu, azterketak behar bezala egiten direla zaintzeko.

Horrez gain, eta azterketaren atarian jende-pilaketa saihesteko, Metro Bilbaok zerbitzuen maiztasuna handituko du larunbat eta igande goizean.