Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian 540 doktorego-tesi euskaraz 40 urteko ibilbidean
Erabiltzailearen akzioak

540 doktorego-tesi euskaraz 40 urteko ibilbidean

2016/01/22 - Idoia
TESIKER, UEUk eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak kudeatzen duten euskarazko tesien datu-basea, lan horiek jendarteratzen ari da: sarean, doan eta libre.

Euskarazko lehen tesia (His sortaren ezkerreko adarraren erabateko hersturaren eta zaingorrigrafiaren arteko koerlazioa), 1976. urtean argitaratu zuen Rikardo Arruek. Medikuntza alorreko lan horren berri zabaldu zuten Egan aldizkarian; honakoak idatzi zituzten 1978-79ko alean: “Irakurlea sineskaitza baldin bada ere, Ricardo Arrue jaun sendakin euskaldunak lan aundi bat bururatu du; sendakintza-doktoreko Tesis bat ez da orain arte beinere idatzi izan euskaraz”. Halaber, lan hark, "beste sendagile euskaldunen ikasbiderako" balio izan zuela ere azpimarratu zuten. Ez medikuntzan, ez eta bestelako jakintzetan ere ez zen halakorik gertatu ordura arte.

Azken lau hamarkadetan, aldiz, asko izan dira tesia euskaraz idatzi dutenak: 540 doktore eta 540 lan guztira. TESIKER, euskarazko tesien datu-basean, horietatik 334 lan daude kontsultarako eskuragarri, hau da, euskaraz argitaratutako doktorego-tesien %62 -beste era batera adierazita, 1982. urtetik 2015era arteko hamaika ikerketen emaitza duzue sarean, doan eta libre-.

Lan horretan jarraituko du UEUk aurrerantzean ere, hortaz, 2016an bilduma osatzen jarraitzeko, zuen laguntza ere ongi etorria izango da. Tesia euskaraz egin baduzue edota egin duen norbait ezagutuz gero, jar zaitezte gurekin harremanetan eta lagun iezaguzue biltegia biribiltzen: tesiker@ueu.eus

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari