Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian 52 ikertzailek parte hartu dute #txiotesia3 lehiaketan
Erabiltzailearen akzioak

52 ikertzailek parte hartu dute #txiotesia3 lehiaketan

2016/11/23 - unibertsitatea.net
Sari banaketa abenduaren 1ean izango da Donostiako Garoa liburudendan.

Ikertzaile euskaldunek egiten duten lana plazaratu, jendarteratu asmoz,  "Txiokatu tesia 6 mezutan" lehiaketa antolatu zuten atzo UEUk eta unibertsitatea.net atariak hirugarrenez. 9:00etatik 21:00etara iraun zuen #Txiotesia3 lehiaketak eta guztira 52 ikertzailek parte hartu zuten, aurreko edizioan baino %13a gehiago. Era guztietako lanak plazaratu zituzten, gainera. 

Datuei erreparatuz, parte hartzaileetatik 47 berriak izan ziren, aurreko edizioetan parte hartu gabeak eta emakume zein gizonezkoen parte hartzea nahiko parekatua izan zen; emakumeak gehiago izan baziren ere, %55,8 hain zuzen ere. Dagoeneko doktore direnak 18 izan ziren (%35a) eta beste denak doktoregaiak. Era guztietako gaiak landu arren, batez ere giza eta gizarte zientzietakoak izan ziren. Unibertsitateei dagokienez, gehiengoak UPV/EHUkoak izan baziren ere, Mondragon Unibertsitatetik, Deustuko Unibertsitatetik, Madrilgo Complutensetik, Bartzelonako Unibertsitate Autonomotik edota Ingalaterrako Surreyko unibertsitatetik ere parte hartu zuten. Baita UNEDetik ere. Ikerketa taldeak ere hamaika. Besteak beste, IXA taldea, Basque Centre for Climate Change, Immunogenetika laborategia, HEZIKOM ikertaldea, Telematikako ikerketa taldea-MU, NOR ikertaldea, BIOMAT ikertaldea, Surrey Morphology Group edota iIntelligent Systems Group-EHU, Tecnalia edota Stream.

Orain epaimahaiaren lana da txiolaririk ulergarriena eta originalena aukeratzea. Epaimahai jakintza alor desberdinetako bost kidek osatuko dute. Koldo Garcia (@koldotxu) genetikan doktore, UPV/EHUn ikertzaile, zientziazalea eta UEUkideak; Amaia Portugal (@amaiaportugal) Radio Vitoriako erredaktore eta Zientzia Kaierako kolaboratzaileak; Blanca Urgell (@b_urgell) Euskal Filologian doktore, ikertzaile, UPV/EHUko irakasle eta euskaltzain urgazleak;Iñaki Larrea (@ilarrea) hezkuntzan doktore, ikertzaile eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultatean irakasleak; eta Ana Galarraga (@AnaGalarraga1) Albaitaritzan eta Elikagaien Zientzian eta Teknologian lizentziatu eta Elhuyarreko zientzia-komunikatzaileak.

Txiorik ulergarrienak 500 euroko saria jasoko du eta originalenak 300 eurokoa. Sari banaketa abenduaren 1ean izango da Donostiako Garoa liburu dendan. Ez da hala ere sari banaketa hutsa izango, unibertsitatea.net atariaren 10. urteurrena ospatzeaz gain, ikertzaileen topagune ere izango baita. Mahai-ingurua ere izango da.

 

 

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari