Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Ana Viñals: “Gero eta presoagoa izango den Interneta ezagutuko dugulakoan nago”
Erabiltzailearen akzioak

Ana Viñals: “Gero eta presoagoa izango den Interneta ezagutuko dugulakoan nago”

2015/01/22 - Unibertsitatea.net
Ana Viñals 28 urteko bilbotarra da, Publizitatea eta Harreman Publikoetan lizentziatua eta Kongresu, Ekitaldi eta Azoken Antolakuntzan masterrarekin. Karrera UPV/EHUn egin zuen eta masterra, aldiz, Deustuko Unibertsitatean. Borondatezko lana egitea da gehien gustatzen zaion gauzetako bat, bere denbora librea adindunei zein gazteenei teknologia digitalaren erabilera irakasten ematea.

Egun, doktore-tesia burutzen ari da Deustuko Unibertsitateko Aisialdi Azterketen Institutuan Eusko Jaurlaritzaren beka bati esker. “Bizkaiako batxilergoko gazteek aisialdia eta Interneta nola uztartzen duten: identifikazioa, eraginak eta hezkuntzak eman beharreko pausuak” du izena burutzen ari den tesiak, eta horretan dihardu buru-belarri ibili ere, tarteka Irola Irratiko “Berdinak” saioan kolaboratuz.

Zerk eraman zintuen aipatutako gaia aukeratzera? Zein izan zen motibazioa?

16 urte nituenetik ibili izan naiz boluntario bezala gazteei hezkuntza arloan laguntzen, klaseak ematen, gomendioak edota esateko zeukatena entzuten. Hori dela eta, oso argi izan nuen hasieratik aztertuko nuen kolektiboa zein izango zen, baita non izango zen ere, nire inguruan, Bizkaian.

Horretaz aparte, ikusi dudanez teknologia digitalak ezinbestekoak dira gaur egun, aldaketa sozialerako tresna garrantzitsuak direla ohartu naiz, garrantzitsuak baita nire egunerokoan ere. Uste dudana da, ez dudala sekula kultura digitalaren inguruko nahiko informazio jaso, eta jasotakoa ez da erabilerarako egokia izan. Egun berdin izaten jarraitzen du, ez diote gazteenei halakorik irakasten. Hortik dator beraz, gazteak eta internet aztertzeko motibazioa, irakasle zein gurasoak horrenbeste kezkatzen dituen gizarte-polemika honi konponbide bat aurkitzen saiatzeko.

Nola ikusten duzu zure etorkizuna?

Momentu honetan buruan dudan helburu bakarra 2015ean tesi doktorala amaitu nahi dudala da, aurtengo udan bukatzen baitzait epea eta hortik aurrera ez dakit zer gertatuko den... Unibertsitateko irakaslea izatea gustatuko litzaidake, baita irakaskuntza munduan hezkuntza metodologia berriak garatzeko aukera izatea ere, baina ikerketa arloa ere ez nuke alde batera utziko. Gauzak dauden bezala egonda ez dut uste aukeratzera emango didatenik, datorrena hartu beharko da.

Nola ikusten duzu gaur egungo ikerkuntza mundua: nahikoa garrantzia ematen zaiola uste duzu? Beka edota laguntza gehiago egon beharko lirateke?

Denean egon dira murrizketak, baina bereziki alor honetan, beraz suposatzen dut ez zaiola behar bezain beste arreta eskaintzen, “esan zertan inbertitzen duzun eta zer baloratzen duzun esango dizut”. Oso garrantzitsua deritzot bekak mantendu edota gehitzea, batez ere baliabiderik ez dutenek eskubide berdinak izan ditzaten. Ezinbestekoa iruditzen zait unibertsitatearen eta enpresen arteko lotura, beharrezkoa oso, baita unibertsitateko departamendu ezberdinen artean erlazioa egotea ere, hau da, lan eta ikasketa molde berriak sortzea. Ene aburuz pausu bat gehiago eman beharko litzateke, eta bekadunen postuak eta laguntzak kontratu laboral bilakatu.

Zein izan zen #Txiotesia -n parte hartzeko bultzadatxoa? Ze ekarpen egin dizkizu?

Ikertzen ari naizena kontutan hartuta ezinbestekoa iruditzen zait Interneten erabilera sustatzen duten ekimenak bultzatu eta horietan parte hartzea, are gehiago ikasteko eta ezagutza elkarbanatzeko  erabiltzen bada.

Gainera, naiz eta tesia gazteleraz egiten ari naizen, ezagutzak euskaraz garatzea komenigarria dela deritzot, ikerlariei batzuei beraien ekarpena beste hizkuntza batean azaltzeko erronka eskaintzen baitzaie.

Hizkuntza alde batera utzita ere erronka interesgarria dela deritzot, batetik sintesiarekin jolastu behar delako, eta bestetik sormena erabili, ez baita bat ere erraza horrenbeste ordu eskaini dizkiogun lan bat sei txiotan laburtzea.

Gainera, beste ikerlari batzuk ezagutzeko oso lagungarria izan zait lehiaketa.

Zer suposatzen du doktore tesi bat egiteak?

Tesi bat egitea epe luzeko auto-ikaskuntza prozesua da, esfortzu eta jarraikortasuna beharrezkoak dituena. Hala ere, nire kasuan, esan beharra daukat prozesu horren kalitate eta asebetetzean eragiten duten kanpoko faktoreak daudela azpimarratu nahi dut, segurtasun eza eragiten dizutenak. Ikerketarekin zerikusia duten ikasketak burutu dituztenek abantaila hori daukate, segurtasun gehiago daukate ikertzen ari diren horretan, badakite zer den ikertzea eta. Baina beno, ikertuz ikasten da ikertzen!

Orain arte aztertutakoaren arabera... Uste duzu nerabeek Internet eta sare sozialei ematen dieten erabilera (ona edo txarra) kontrolatu daitekeela?

Kontrola hitza ez zait gustatzen... Pentsatzen dut gakoa eraginkorrak diren ikasketa metodologia egokien bidez irakatsi daitekeela horien erabilera ona egiten, ezinbestekoa da gazteenak horien arrisku, erabilera ezberdinez edota abantailez heztea. Kultura digital egoki bat irakatsi behar zaie, baina orain arte erabili den metodologia prebentiboaren bidez, akatsak eta arriskuak ez egiten erakustean beldurra hartzen baitzaie gauza berriei, hesi hori apurtu beharra dago.

Nola ikusten duzu Interneten etorkizuna?

Azken hilabeteetan ahoz-aho ibili diren legeak kontuan hartuta -Jabetza Intelektuala, Kode Penalaren erreforma, “mordaza” legea...-, geroz eta presoagoa izango den Interneta ezagutuko dugulakoan nago, nahi dugun bezala erabiltzeko zailagoa dena, zentsuratua eta kontrolatua.


“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”

#KzJaia Kultura zientifikoa

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari