Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian “Akreditazioa lortzeko irizpideetan euskarazko ikerkuntza alde batera gelditzen da”
Erabiltzailearen akzioak

“Akreditazioa lortzeko irizpideetan euskarazko ikerkuntza alde batera gelditzen da”

2017/03/13 - unibertsitatea.net
Buruxkak atarian egin diote elkarrizketa Maria Gonzalez Gorosarri ikertzaile eta doktoreari Uztaro aldizkariaren 100. zenbakiaren harira. Giza eta gizarte-zientziak lantzen dituen aldizkariko erredakzio kontseiluan sartu berri da Gonzalez eta ekitaldian ikertzaileen egoera izango du mintzagai.

UEUren Uztaro Giza eta gizarte-zientzien aldizkariak 100. zenbakia argitaratuko du eta hori ospatzeko ekitaldia antolatu dute martxoaren 14an Bilboko Kafe Antzokian, 18:30etan. Bertan parte hartuko du, besteak beste, Maria Gonzalez Gorosarri ikertzaile eta doktoreak. Aldizkariaren erredakzio kontseiluan sartu berria da eta berak ere hartuko du hitza ekitaldian.

Buruxkak.eus atarian egin berri dioten elkarrizketan, besteak beste, unibertsitatean lan egiteko lortu beharreko akreditazioez eta hauek lortzeko irizpideek ikertzaile euskaldunengan duten eraginaz hitz egin du. "Akreditazio hori lortzeko irizpideak Espainiako Gobernuak finkatzen ditu" dio Gonzalezek. "Irizpideetan kanpoko ikerkuntzak balio izaten du eta euskarazkoa alde batera gelditzen da. Egia da Eusko Jaurlaritzak badaukala beste akreditazio agentzia bat, Unibasq, baina horrek ere ez du baloratzen behar beste euskarazko produkzioa". Aipatu irizpideak betetzeak esan nahi du lana "Espainiara begira egin behar izatea, eta zerbait ingelesez argitaratu behar izatea".

Egoera horren aurrean Uztarok duen paperaz galdetzean, euskarazko gaiak biltzen dituen aldizkari zientifikoa izatez gain, kalitate maila ziurtatuta duen aldizkaria dela gogorarazi du. Izan ere, gutxienez bi artikulu-ebaluatzailek aztertzen dituzte argitaratutako lanak. Bere kasuan egindako ikerketak aplikazio praktikoa izatea nahi du "Soldata publikoa badaukat iruditzen zait ni formatu nauen jendarte honi zor diodala. Kanpoan ikasi dudana etxera ekartzea, hemen irakastea. Eta hori Uztaron argitaratzea da".

Ikertzaile euskaldunen argazkia egiterakoan hauen egoera prekarioa izan du aipagai. "Orain arte doktoretza aurreko bekek ziurtatzen zizuten diru sarrera, baina orain urte biko lan kontratu hori praktika kontratuekin parekatu nahian dabiltza. Hainbat lan eskubide galtzea dakar horrek. Ikerketaren bidea hasten duzu, baina ez daukazu ziurtasun ekonomikorik; eta etengabe ibili behar duzu hainbat proiekturen atzetik. Bestetik egitura batean sartzen gara eta gure arriskuetako bat izaten da irakasleren batek gure lana bere egitea".

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari