Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian 2012ko Beldur barik! Programa lehiaketa batekin abiatu da.

Dokumentuaren akzioak

2012ko Beldur barik! Programa lehiaketa batekin abiatu da.

2012/06/12 - unibertsitatea.net
Gazteen artean indarkeria sexistaren prebentzioa lantzeko xedez sortu zen. Aurtengo lehenengo jarduera ikus-entzunezko lehiaketa izango da.

Abian da 2012ko Beldur Barik! programa, Hamaika jarrera, hamaika aukera! Izenburupean. Beldur Barik! urtez urteko programa gazteen artean indarkeria sexistaren prebentzioa lantzeko xedez sortu zen, 2009an, Eudelek bultzatuta eta berdintasunaren aldeko euskal udalen Berdinsarearen ekimenez. Gaur egun, euskal erakunde guztien babesa dauka programak: Emakunde, Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ekimenarekin lankidetzan dihardute, gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, EHUk eta EITBk.

Aurten, Beldur Barik komikiaren estetikaren ukitua du. Eguneroko bizitzako hainbat egoeratan "heroi" modura ageri diren neska gazteen irudia erakutsi nahian. Beldur Barik programa 2012. urte osoan garatuko da, honako 3 ildo hauen inguruan: Adierazpen artistikoen ikus-entzunezko lehiaketa, tokian tokiko ekimenak komikia ardatz hartuta eta Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren kanpaina.

Beldur Barik! lehiaketa gazteei begira antolatzen da (12 eta 26 urte bitarteko gazteei begira). Hirugarren urtea du aurtengoa, eta aurreko deialdian 250 lanetik gora aurkeztu ziren; bistan da, beraz, arrakasta handia duela eta urtez urte sendotzen ari dela.