Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian 2012/2013 Ikasturte irekiera ekitaldia egin zuen atzo Udako Euskal Unibertsitateak

Dokumentuaren akzioak

2012/2013 Ikasturte irekiera ekitaldia egin zuen atzo Udako Euskal Unibertsitateak

2012/10/19 - Unibertsitatea.net
Udako ikastaroek 40 urte bete dituzte aurten eta Karmele Artetxe zuzendariak UEUk denbora honetan zehar egindako ekarpena nabarmendu zuen. Era berean, eratzear den gobernu berriari iaz kendutako diru partida izendua berrezartzeko eskaria luzatu zion. Ekitaldia Martin Orberen hitzaldiarekin eta berari eskainitako UEUren I. Merezimendu Sariarekin osotu zen

Eibarko Ikastetxe Nagusira hurbildu ziren UEUko bazkide ugariekin batera, besteak beste, Lurdes Auzmendi, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikorako Sailburuordea; Zigor Etxeburua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaria; Nerea Alustiza, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Normalizaziorako zuzendaria; Gidor Bilbao, UPV/EHUko Euskara eta Eleaniztasuneko errektoreordea; Joanmari Larrarte, EKTko Kontseilari ordezkaria; ... politika munduko aurpegi batzuk ere: Arantxa Tapia diputatua, Xabier Isasi, EHBilduko Gipuzkoako hautagaia eta UEUko Zuzendari-ohia; Mari Jose Telleria, Eibarko Udaletxeko ekonomia, garapen, enplegu eta berrikuntza saileko burua; Esther Kareaga, Eibarko Udaletxeko Euskara eta Kultura Batzordeburua.

Esan bezala, Karmele Artetxeren hitzaldiarekin hasi zen ekitaldia eta 40 urtetako balorazioaz gain UEUk egun bizi duen egoera gogorraz aritu zen: “Diru-laguntzak murriztu dira, deialdiak murriztu dira, eta inkluso Hezkuntza Sailak 1998. urtetik ematen zigun partida izenduna desagertu da. Horren ondorioz, erabaki zailak hartu behar izan ditugu, eta ate asko jo gaur hona heltzeko". Erakunde publiko batzuen babesa eskertu ondoren UEUko bazkideei eta eskuz esku egunerokotasunean lanean aritu direnei luzatu zizkien eskerrik beroenak. Azkenerako utzi zuen eskaera, hauteskundeen ostean osatuko den gobernuari zuzenduta "... edozein dela, dei egiten diogu partida berrezar dezan. Izan ere, guretzat partida hori hil ala bizikoa izateaz gainera, gure jardueraren aitortza bat ere bada”.

Jarraian, Martin Orbek hartu zuen hitza "Euskal Unibertsitatea, UEUren 40. urteurrenetik begiratuta" mintzaldia aurkeztuz. UEUko zuzendari ohiak euskal unibertsitatearen aldeko mugimendua atzera begira aztertu ondoren etorkizun hurbilean gertatuko denaz bere iritzia azaldu zuen.

Hitzaldi nagusiaren ondotik Karmele Artetxek UEUren I. MEREZIMENDU SARIA aurkeztu du. Sari honen bitartez, UEUren baitan, eta oro har, euskal kulturgintzan garrantzi eta itzal handiko pertsonen lana eta ibilbidea errekonozitu nahi ditu UEUk. I. Merezimendu Saria Martin Orberi eskaini nahi izan dio. Iñaki Irazabalbeitia zuzendari ohiak Martinen bi ezaugarri nabarmendu zituen: pazientzia eta ikuspegi positibotik begiratzeko gaitasuna.

UEUren aburuz honek dira Martini aitortu ekarpen nagusiak:

  • UEUren zuzendari lana onartzea une zailetan eta ondo baino hobeto kudeatzea
  • UEUren egitura Hegoaldera ekartzea eta bertan sustraitzea, sendotzea eta azpiegitura egokia bilatzea.

"UEUren estiloa dei dezakeguna berak ezarri zuen. Haren umeak gara, neurri batean behintzat, hemen gauden guztiok"