Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Duela 14.000 urteko grabatu multzoa aurkitu dute Lekeitioko Armintxe koban

Dokumentuaren akzioak

Duela 14.000 urteko grabatu multzoa aurkitu dute Lekeitioko Armintxe koban

2016/10/14 - unibertsitatea.net
Aurkikuntza berri hau oso garrantzitsua da grabatuen kalitateagatik eta erabilitako teknikagatik. Adituen arabera, "grabatuen multzo gisa une honetan Iberiar penintsula osoan ezagutzen den multzo ikusgarri eta harrigarriena"da

Aurkikuntza garrantzitsu baten berri eman du Bizkaiko Foru Aldundiak. Lekeitioko Armintxe koban aurkitutako dozenaka grabaturena hain zuzen ere. Grabatu multzoak 14 mila urte inguru omen ditu eta horrenbestez Santimamiñeko margoen eta berriki Atxurran aurkitutako irudien garai berekoak dira. Madeleine garaiko Goi Paleolitikokoak, hain zuzen ere.

Joan den maiatzean topatu zuten grabatu multzoa Gernika-Lumoko (Bizkaia) Ades espeleologo taldeko kideek, kobaren sarreratik 50 metrora. Aurkikuntza garrantzitsua da grabatuen kalitateagatik eta erabilitako teknikagatik. Berrogeita hamar animaliaren irudiak dira, bi dimentsiodunak, arraste teknikaren bidez eginak. Gainera, orain arte Kantauri isurialdeko kobetan agertu ez diren lehoiak ere ageri dira. Adituen arabera, "grabatuen multzo gisa une honetan Iberiar penintsula osoan ezagutzen den multzo ikusgarri eta harrigarriena"da.

Lerro eta zirkulu erdiko ikurrak ere aurkitu dituzte, Madeleine aldiko arte abstraktua irudikatzen dutenak. Frantziako Pirinio inguruan dauden grabatuen berdin-berdinak eta orain arte Bizkaian agertu gabekoak.

Koba barruan oraindik ere lanean jarraitzen dute, eta, hortaz, baliteke  figura gehiago ere agertzea.